Multzoak aztertuz (IV): beste azkarrak

Petacchi, Bennati eta Boonen ez dira Tourrean izango, eta horrek aukera zabaltzen die bigarren eta hirugarren mailetako esprinterrei ere. Gainera, zerrenda horretako bik etapa bana irabazi zuten iaz Tourrean: Hunterrek eta Pozzatok. Hala ere, zerrendatik hiru izen nabarmenduko nituzke: Hunter, Napolitano eta Förster.

lctm-tdf07s11-003.jpgHunter: azkenaldian erakutsi du sasoiko dagoela. Aurten lau garaipen dauzka, eta iaz oso Tour ona egin zuen, etapa bat irabazita eta hainbat postu on eginda. Seguruenez, Cooke izango du esprint bideratzaile.

Napolitano: Qatarren etapa bat, Grossetoko itzulian beste bat eta lehenengo hamarretan postu asko. Taldeak Cunego izango du buru, baina Napolitanok aukera asko ditu esprintetan lehenengo bost-seien artean sailkatzeko. Ballan izango du ondoan esprintetan.

fs016.jpgFörster: Algarven etapa bat eta Dutch Food Valley Classic irabazi ditu aurten; Giroan egon da, eta Tourreko esprintetan lehenengoen artean sailkatzeko ez du arazorik izango. Hori bai, gaitza ikusten dut etaparen bat irabaztea. Hala ere, faltan igar dezake Haussler edo Wrolich esprinta bideratzeko; hala ere, Gerolsteiner beti izan da oso talde arraroa esprintetatn, nor bere aldetik ibiltzen da-eta. Försterrek alde du Espainiako Itzulian eta Giroan etapak irabazita dela (bat eta bi), baina Tourrean ez da gorenera iritsi. Agian, aurten izango du aukera.

Se. Chavanel: Tourra du urteko helburu, eta FDJ taldeko gizon garrantzitsuenetarikoa izango da. Iaz Tourrean hainbat postu on egin zituen, baina ez da ziklista garailea. Gaitza izango du punta-puntako esprinterren alboan egotea.

80casper.jpgCasper eta Feillu dira Agritubel taldeko esprinterrak. Casperrek hiru garaipen ditu aurten eta Feilluk, bat. Nire ustez, nor bere aldetik joango da esprintetan; hau da, bata ez da bestearen mesedetan arituko. Casper beteranoa da Tourrean (2006an lehenengo etapa irabazi zuen), eta Feilluk iaz erakutsi zuen etorkizun handia izan dezakeela; gainera, azkenaldian berriro ibili da aurrealdean esprintetan.

Duque ezohiko esprinter horietakoa da. Ihesaldietan sartzen dakiena. Iaz etapa bat irabazi zuen Espainiako Itzulian.

pozzato-scarpa-tour3795.jpgChicchi, Fischer eta Pozzato. Egia esatearren, Bennatik treno ikaragarria zeukan azken kilometroetarako, baina hura ez denez Tourrean izango, hiru horietatik Chicchik izan ditzake esprinter galoiak: aurten, Tirrenon, Napolitano, Cavendish eta McEweni irabazi zien eta Coppi e Bartalin ere etapa bat eraman zuen. Pozzatori dagokionez, nire ustez ez da esprinter purua, baina bukaera gogorretan-eta oso ondo moldatzen da eta aurtengo lehenengo etapa oso aproposa izan daiteke harentzat. Gainera, iaz etapa bat irabazi zuen Tourrean, eta hori aurkezpen ezin hobea da. Azkenik, Fischerrengandik ez dut askorik espero, ikusita Chicchi eta Pozzato daudela taldean.

Cookek, hasiera baten, Hunterrentzat lan egingo du; hala ere, aurten bi garaipen ditu eta lehenengo hamarren artean postu asko; hortaz, taldeak beste aukera polit bat dauka australiarrarekin.

pre-stuey.jpgO’Gradyri dagokionez, alde batetik, ez da lehengoa; eta beste alde batetik, oso talde sendoa dauka, sailkapen nagusirako hiru izar nagusirekin, eta ez dut uste Riisek esprintetan sartzen utziko dionik. Taldeko liderren ondoan egotea izango da haren zeregina.

Ciolek eta Eisel, berriz, Cavendishen mesedetan arituko dira. Hori bai, Cavendishek esan du ez duela Tour osoa egingo; hortaz, Ciolekek ere aukerak izan ditzake esprintak lehiatzeko.

Deanek ez du gauza handirik egin aurten. Urtarrilean Zeelanda Berriko txapelketa irabazi zuen, eta besterik ez. Nik ez dut esprintetan aurrean ikusten.

Argazkiak: cyclingnews.com, capture-the-peloton.com eta pezcyclingns.com.