Multzoak aztertuz (V): Euskaldunak

Amets Txurruka Parisko podiumean iazAdiskide batek honako hau esan zidan: “Egoitz, nola jarri duzue euskaldunetan bi txirrindulari aukeratzeko? Garbi dago eta faborito Haimar eta Astarloza izango direla eta partehartzaile guztiek bi horiek aukeratuko dituztela. Ez zait iruditzen multzo hau erabakigarri izango denik guztiok txirrindulari berdinak hartuko baititugu”. Beharbada nire adiskideak arrazoi du eta asko izango zarete berak bezala pentsatzen duzuenak. Baina hain ziur al zaudete?

Dakizuen bezala hiru asteko lasterketa batean denetik gerta daiteke: erorketak, doping kasuak (iaz euskadunen artean Mayoren kasu sonatua izan genuen), gaixotzeak, ezinak… Faboritoei ere toka dakieke.

Jose Luis Arrieta erasoanEz dut gogoan iaz zenbat euskaldun izan genituen lasterketa frantziarrean, baina aurtengoan gutxi xamar direlakoan naiz. Guztira 11 bat euskaldun izango dira Tourrean eta bakoitzak bere helburu eta betebeharrak nahiko zehaztuak dituzte dagoeneko.

Ohikoa den bezala, Euskaltel-Euskadik eramango ditu txirrindulari euskaldunik gehien, Samuel Sanchez izango baita euskaldun ez den bakarra. Zalantzarik gabe, eta aurrez aipatu bezala, Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza izango ditu talde laranjak sailkapen nagusiari begira izango diren txirrindulariak. Haimarrek maila ona eman zuen Dauphiné Libérén. Erlojupekoan ohikoa baino maila baxuagoa eskaini, mendian faboritoekin ibili da. Gainera aurtengoan aita izan da (zorionak hemendik) eta beharbada honek beste motibazio bat eman diezaioke usurbildarrari.

Mikel Astarlozak, berriz, Haimarrek baino maila askozaz hobea eman du erlojupekoan eta baina orokorrean okerxeago ibili izan zen Dauphiné Libérén. Ikusi egin behar nola iristen den Tourrera. Bere kalterako aurtengo edizioan, erlojupeko gutxiago dira, baina esan bezala, maila ona emango duelakoan nago.

Euskaltel-Euskadiren Tourreko taldeaBi taldeburu hauei laguntza gainontzeko taldekideek emango diote eta horretara joango dira, baina Egoi Martinez eta Amets Txurruka aipatu gabe ez nituzke utzi nahi. Biak hala biak sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo izango badira ere, mendian aurrealdean izango direlakoan nahiz eta etapa garaipenaren bila ibiliko direla. Ametsi entzun nion Hautacamen amaitzen den etapa begiz jota zuela. Etxebarriko gazteak aurtengoan mallot zuriaren lehiatik kanpo izango da 25 urteren muga pasa baitu, beraz, seguru nahiz egun horretan saiatuko dela aurrean helmugaratzen. Lehiakortasunaren saria berriro ere Ametsentzat?

Caisse d’Epargne taldeak bi euskaldun eramango ditu, David Lopez eta Txente Garcia. Dakizuen bezala talde honen buru Valverde murtziarra izango da, eta berarekin Pereiro galiziarra. Zalantzarik gabe David eta Txente hauentzako lanean arituko dira buru belarri eta ez zait iruditzen etaparen lehian sartu ere egingo direnik.

Eta AG2R izango da bere taldekideen artean euskaldunen bat izango duen hirugarren taldea. Jose Luis Arrieta donostiarra tropeleko beteranoenetako bat izango da (orain gutxi bete ditu 36; zorionak!) eta bere esperientziarekin taldekideei laguntzen izango da.

Gustatuko litzaidake multzo honetan aukera gehiago izango balitz bai baitaude zenbait txirrindulari interesgarri aurten Tourrean izango ez direnak. Beharbada kantitatearen faltan kalitateaz gozatzeko aukera eskainiko digute. Hala bada, ni behintzat gustura!

Argazkiak: Fotoreporter Sirotti, BBC, Euskadi Fundazioa

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.