Amstel Gold Race 2007, garagardoaren klasika

Apirila hasieran Belgikako harbide eta Euskal Herriko mendietan ibili dira Pro Tour mailako zein beste kategoria bateko txirrindulariak. Orain “infernuak” atzean utzi eta beste ezaugarri batzuk dituzten klasikoak izango dituzte gainditzeko hilabetea amaitu bitarte: mendixka edo muino gogorrez osaturiko egun bakarreko lasterketa luzeak. Hori bai, Benelux delakotik ez dira aldenduko. Honela, infernuak igandean izango du jarraipena Herbeheretako Amstel Gold Race klasikoan.

Gulperberg igotzenArgazkilaria: “Fotoreporter Sirotti”

Garagardo izena duen lasterketa honek bere 42. edizioa egingo du, geroz eta gehiago azpimarratuz klasiko deitura nondik datorkion. Berbera izango da aipatutako ibilbidearen erabateko aldaketa ekarriko duen lehenengoa. Protagonisten artean ere orain agertu ez diren izen ezberdinak nabarmenduko dira. Ezaugarri ezberdinak dituztenak. Herbeheretako probaren ostean etorriko dira Flèche Wallonne (apirilak 25) eta Liège-Bastogne-Liège (apirilak 19) probak hilabeteari modu gogorrean amaiera emateko. Baten batek ere pentsa dezake honela txirrindulariek aspertzeko betarik izango ez dutela. Ikusleok ere ederki probestuko dugu muinoetan emango den ikuskizuna, baldin eta lehia aurreko urteetan bezain estua izaten bada.

Amstel garagardo enpresa ezagunak antolatuta, 1966ko apirilaren 30an egin zen lehendabiziko aldiz Amstel Gold Race izeneko klasikoa. Urte hartan, Amsterdamen hasi eta 280 kilometroko ibilbidea egin ondoren txirrindulariek Maastrichteko ipar ekialdean izan zuten helmuga. Gurutzatzen lehena Jean Stablinski frantziarra izan zen. Ordutik aurrera lasterketak moldaketa ugari izan ditu ibilbide eta kilometro kopuruari dagokionez. Aldatu ez dena urte guzti hauetan probaren gogortasuna da. Hasieran esan bezala igandean 42 urte beteko ditu. Garaipen zakuari so eginez, Jan Raas etxeko txirrindularia da Amstel Gold Race lasterketa gehienetan irabazi duena. Denera bost aldiz. Ondoren Eddy Merckx belgikar handia eta Rolf Järmann daude bi garaipenekin. Gainontzean txirrindulari bakar bat ere ez da gai izan behin irabazi ondoren garaipena errepikatzeko. Aurten baina hori alda daiteke. Izan ere, irteeran izango dira Michael Boogerd borrokalaria (1999an irabazle eta hainbatetan podiumean) eta azkeneko hiru irabazleak: Davide Rebellin (2004), Danilo Di Luca (2005) eta Fränk Schleck (2006). Ea lauetatik batek bere bigarren Amstel Gold Race klasikoa irabazteko aukera duen. Argi dago lauak hautagaien artean azpimarratu beharreko txirrindulariak direla.

Baina ez dira bakarrak. Badira beste hainbat gerra emateko prest daudenak garagardoaren lasterketa aurrenekoz irabazteko. Horien artean Paolo Bettini, Alejandro Valverde, Samuel Sanchez, Stefan Schumacher, Karsten Kroon edo Oscar Freire bera aipatu behar dira. Bigarren maila batean leudeke ezustekoa eman nahiko duten txirrindulariak: Jens Voigt, Björn Leukemans, Joaquin Rodriguez, Saunierreko laukote famatua (Ricco, Cobo, Marchante eta Gil), Nick Nuyens, Patrik Sinkewitz, Enrico Franzoi, Juan Ant.Flecha Giannoni, Vladimir Gusev eta nola ez Steffen Wesemann. Gutxi ezta? Baliteke gerora beste batek irabaztea, hautagaiak itsu-itsuan zehazterakoan gertatu ohi dena izaten baita. Euskaldunen kasuan, azken urteetan ondoen ibili den txirrindularia talde gabe aurkitzen da momentu honetan. Hau da, David Etxebarria. Abadiñokoak hamalaugarren amaitu zuen iaz eta zortzigarren duela bi. Txalotzekoa ezbairik gabe. Aurten ordea ez dugu Cauberg gainean ikusiko. Txirrindularitzak merezi izan ez duen portu kontu batzuengatik. Lastima da gero. Honela, zaila da zehaztea zein euskal txirrindulari ikusi ahal izango dugun lehen postuetan (honakoa ere zaila izan arren). Akaso Igor Astarloa, Iker Camaño eta Jon Bru? Batek jakin, baina ziur muturra erakusten dutela.

Schleck irabazleArgazkilaria: “Fotoreporter Sirotti”

Ibilbidea ere ezin da aztertu gabe utzi. Aurtengo Amstel Gold Race lasterketak 253,1 kilometroko luzera izango du. Txirrindulariek Valkenburgeko inguruetako 31 mendixka gainditu beharko dituzte eta ondorioz sufrikario itzela jasan hainbaten portzentaia %20koa baita. Hala ere, gora beherez jositako bidean arnasa hartzeko tarteak izango dituzte. Lasai egoteko ez ordea, lasterketak bere erritmoa izango baitu. Batez ere hautagaien multzoan. Helmuga azken muinoan izango dute, Cauberg amaiezinean. Schleck Luxenburgoko txirrindulariak iazko erakustaldia errepikatuko du? Azkenaldian, CSC taldeak egindako lan ona ikusita (Paris-Roubaix kasu) baliteke. Edo Di Luca eta Rebellinek beren lehia partikularra azaleratuko dute? Kontuak kontu, Cauberg gainean irabazle izaten denak puxtarri asko irabazten ditu hurrengo klasikoetarako (Flèche Wallonne batez ere). Baita poltsikoratu ere. Azken epaia igandean! Garagardo baten laguntzaz zer gozatua izango dugu! Ez ala?

Inaxio Esnaola