Haimar Zubeldia ere Armstrongen taldera

Haimar ZubeldiaAmstrongek Radio Shack talde berria osatzera zihoala esan zuenean, denboraldi amaieran Haimar Zubeldiak Armstrongen taldera joan nahi zuela esan zuen. Kontu, ordea, ez zen hain erraza Astana taldearekin 2 urteko kontratua sinatua baitzuen eta zail zirudien talde aldaketa gauzatzea. Zalantzak izan ditugu gaur arte, baina gaur guztia argitu da. Radio Shack talde berriak bere taldearen berri eman du eta Haimar Zubeldiaren izena zerrendan azaldu da Markel Irizarrenarekin batera.

Bi euskaldun izango ditugu, beraz, 2010ean Radio Shack taldean, Armstrong txirrindulari mediatikoa eta Bruyneel zuzendari ezaguna dituen taldean. Astana taldean, berriz, Contador eta Vinokourov izango lirateke geratzen diren txirrindularirik ezagunenak. Badirudi taldea hanka motz geratzen dela Haimar bezalako txirrindulari bat kenduta. Egoera honen aurrean talde kazakhstandarrak fitxaketa berriren bat egin beharrean izango da. Horien artea David Herrero bilbotarraren zurrumurrua zabaldu da. Ez da, ordea, bakarra izan; zenbait iturrik Contadorrek hurrengo urterako Basso italiarra aldamenean izan nahi duela esan baitute eta zentzu horretan lanean ari omen dira.

Nire ustez Haimarrek zentzuzkoena egin du. Astana taldea galdera ikurrez jositako talde bat da oraindik (gogora dezagun ordaindu gabe izan zirela denboraldi hasieran, babesleekin arazoak, oraindik UCI lizentzia berritzeko…). Radio Shackek, berriz, talde berria izanik ere, Armstrongek duen erakarpen indarrari esker babesleak erraz inguratzen ditu. Kirol arloan ere zuzendariarengandik hasita, talde bikaina bildu dute zalantzarik gabe: Klöden, Leipheimer, Popovych, Steegmans… besteak beste.

Seguru Contador zaleen artean honek zeresana emango duela. Badakizue, aurten Armstrong-Contador binomioak egunkari asko bete ditu eta horri tiraka jarraitzeko aitzakia bikaina izango da usurbildarraren erabakia horientzat.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.