“Zortzi urteotan nire lekua lortu dut tropelean”

Koldo Fernandez de Larrea 30 urteko gasteiztarra Tropela Elkartearen sari banaketa ekitaldian izan zen. Sariak banatzen lagundu zigun eta harekin solasteko aukera izan genuen. Euskaltel-Euskadin zortzi urte eman ondoren, datorren urtean, nazioarteko tropeleko izar nagusietako baten laguntzailea, Farrarrena, izango da, Garmin-Cervelo taldean –azaroaren 17an aurkeztuko dute taldea-. 2007tik 2010era urtero altxatu ditu besoak probaren batean edo bestean. Orain arteko urterik emankorrena 2008a izan du, bost lasterketatan nagusitu baitzen, tartean Euskal Bizikletako etapa batean. Honatx orain artekoaz eta etorkizunaz esan ziguna.

Zer zapore utzi dizu bukatzear den denboraldiak?
Niri garaipenak eskatzen dizkidate, eta ez dut halakorik lortu. Ondo ibili nintzen Espainiako Txapelketan –hirugarren sailkatu zen- eta Suitzan, baina denboraldia amaitzen ari den honetan, atzera begiratu eta, esan bezala, ez dago irabazitako karrerarik.

Zergatik erabaki duzu Euskaltel utzi eta Garmin-Cervelora joatea?
Garmin UCI Pro Tourreko talde handienetariko bat da eta Euskaltelen zortzi urte eman ditut. Etapa hori bukatutzat emateko eta beste bide bat hasteko garaia da. Gustatuko litzaidakeen lasterketa bat irabazita agur esatea Euskalteli, baina ez da posible izan.

Talde aldaketa goiz samar eman zen jakitera eta Euskaltelek ez zaitu eraman denboraldi bukaerako probetara.
Interes asko dago, hor daude datorren denboraldian UCI Pro Tourren egoteko taldeek behar dituzten puntuak eta abar. Euskaltelek hartutako erabakia errespetatu behar da.

Jakitera eman al dizute jada Garmineko arduradunek zehazki zer eginkizun izango duzun aurrerantzean?
Farrar talde buruari laguntzera noa eta proba batzuetan, esprinter peto-petoentzat ez direnetan, nire aukera izango dut.

Izan al duzu ja hartu-emanik Farrarrekin?
Bai, hizketan egon naiz berarekin. Berak gaztelaniaz egiten dit ahal duen bezala, eta nik ingelesez egiten diot halamoduz. Euskaraz lauzpabost hitz ere badakizki! Espainiako Itzuliko Bilboko irteeran solastu ginen.

Zer daramazu talde laranjatik?
Lagunak egin ditut, eta oso momentu onak pasatu ditut. Onena Tirreno Adriatikon etapa irabazi nuenekoa izan zen, profesionaletan irabazitako lehen proba izan baitzen. Sanchezen edo Igor Antonen ondoan irabazitako lasterketak ere ezin ahaztu. Bestalde, zortzi urteotan aurkitu dut nire lekua tropelean.

Gurean oso esprinter gutxi dago. Zergatik?
Euskal Herria oso aldapatsua delako izan daiteke. Eta horretaz gain, hemen askoz gehiago baloratzen dituzte igotzaileak. Holandan edo Italian egoera oso ezberdina da, eta Australian azken urteetan ere bai.

Azken hilabeteotan hainbat talderen arteko bategiteak izan dira bolo-bolo. Zer deritzozu joera horri?
Krisiak guztioi eragiten digun adibidea da hori. Ez da erraza enpresek txirrindularitzan dirua sartzea. Leopard talde indartsuak uste zuen denboraldi erdirako babeslea lortuko zuela, baina ez da hala izan.