Giroa: arrosa, laranja eta beltza

Bukatu berri zaigun Giroaren balantzeari ekingo diot lehen hamar sailkatuen aipamentxoa eginda. Podiumera igotako hirurek Giro borobila egin dutelakoan nago. Cotadorrek hiru asteko lasterketetan nekez kale egiten duela erakutsi du, beste behin –sei daramatza dagoeneko, oraindik ere ez badakigu ere klenbuterolaren auziagatik iazko Tourrari eutsiko dion edo kenduko dioten. Scarponiren lana itzalean geratu da, baina urtetik urtera koskak igotzen ari da, eta soilik Contador izan du aurretik. Nibali ere zailtzen ari da. Joan den urtean bezala podiumera igo da; Italiako zaleek, nola ez ba, maglia arrosaren lehian Contadorrengandik gertuago ikusi nahi zuten, baina marrazoak onena eman du.

Podiumaren atarian Gadret geratu da. Frantziarra ezusteko handienetakoa izan da. Hiru asteko lasterketetan ondo moldatzen dela erakutsi izan du aurretik, ezer baldin bada erregularra delako, baina Giroan etapa etxeratu eta laugarren sailkatu da. Eta Rodriguez ere erregularra da. Kataluniarra joan den denboraldia arte morrontza lanetan aritu zen batik bat. Iaz, Tourrean eta Vueltan lehen hamarren artean amaitu zuen eta Giroan, bosgarren. Hiru asteko lasterketa batean podiumera igotzea ginga polita izango litzateke bere ibilbidea borobiltzeko. Kreuzigerrek, hark ere erregulartasunari eutsi eginda, seigarren bukatu du. Txekiarra bigarren mailan egon ohi da, baina Rodriguez bezala, azken urteetan erakutsi du hiru asteko probetan ez duela huts handirik egiten, nahiz eta Contador, Schleck edo Nibali gorago dauden. Hala ere, oso egun txarrik ez izatea dohain nagusienetakoa da, nagusiena ez bada Giroa, Tourra edo Vueltarako.

Rujano zazpigarren sailkatu da. Poztekoa da venezuelarra itzuli izana. Sei urte pasatu dira Giroan bertan bigarren bukatu zuenetik. 29 urterekin oraindik ere baditu urte onak aurretik. Giro gizona izaki, mendiko etapak edo mendiko sailkapena lehiatuko du datozen urteetan, ziurrenik.

Menchov txukun ibili da, nahiz eta duela bi urte maglia arrosa irabazi zuela kontuan harturik, podiumerako lehian egongo zela pentsatzea zilegi zen. Ez du lortu, ordea, ez Contadorren ezta Nibaliren eta Scarponiren pare egotea.

Gadretekin batera, lehen hamarren artean, Kruisjwijk eta Sitsov izan dira beste ustekabeko nagusiak. Rabobankeko herbeheretarrak 23 urte besterik ez ditu. Taldeko harribitxietako bat da. Ez da bakarra, ordea, Molema, adibidez, indartsu baitator. Eta Bielorrusiarra ere gertutik jarraitu beharko dugu aurrerantzean.

Anton eta Nieveren balentria gogoangarriak

Euskal Herriko ziklistek aipamen berezia merezi dute, Igor Antonek eta Mikel Nievek bereziki. Euskaltel Euskadiko bikoteak Dolomitetako bi etapa nagusiak irabazi dituzte. Hortaz, ahaztezina izango da aurtengo Giroa gure txirrindularitzarentzat. Urteak igaroko dira, ziurrenik, berriz ere halakorik ikusteko. Pena da, bestalde, lehen hamarren artean lekurik ez gorde izana. Azken astean gasolinarik gabe geratu dira; ez da harritzekoa, nork bere etapa irabazteko egindako ahalegin ikaragarria aintzat hartuta. Hortik aurrera, bakoitzek etaparen batean dir-dir egin duten ziklisten izenak ondo gordeta izango ditugu, datorren kiniela egiten dugunerako, ustekabekoa emateko asmoz. Nire kasuan, mendiko etapetan agerraldiren bat edo beste egin duten Sarmiento eta Betancourt kolonbiar gazteak eta Branbilla italiarra.

Hori guztia izan da Giroa. Eta gehiago, tamalez. Weylandt-en heriotza ezin aipatu gabe utzi. Horrek belztu du lasterketa. Zeharo, gainera. Gogorra baino gogorragoa izan behar baitu etapa baten irteeran lankide bat betirako falta dela ikusteak, edozein taldetakoa izanda ere. Tondo ere joan zaigu Giroa jokatzen zen bitartean. Kataluniarra ez zegoen Italiako Giroa lehiatzen istripu batek bizia kendu zionetik, baina bere taldea bai, hortaz bereziki hunkigarria izan zen Kiryenkaren garaipena Sestrieresen, bere taldekide izandakoa gogoan. Bati zein besteari omenaldi xumea egin diogu, nola ez bada, Tropela.net-en.

Ibilbideari buruz zer esan? Bada beste behin ere antolakuntzak ibilbide erakargarria prestatu du. Hori bai, Crostis mendatea ez igo –eta ez jaitsi- izanak hautsak harrotu ditu. Iritziak iritzi, aitortu behar da bezperan erabaki izana mendate hori ezabatzea ez dela oso normala –elurra ez badago tartean, behintzat-, eta, bai, hori leporatu dakioke antolakuntzari.

Eta bukatzeko irudi bat geratu zait buruan iltzatuta: Finestreko gaina zalez beteta. Futbol zelai bateko harmaila ematen zuen mendatetzarraren tontorrak. Horraino igotzeko txirrindularitza maite behar da. Tropelzaleok ere maite dugu.

Argazkia: Sirotti / cyclingnews.com