Ze majoa den Contador!!

20110527-055357.jpgGaurkoan Contadorrek nabarmen utzi dio Tiralongori etapa garaipena. Bai, Contador bera da Giroko indartsuena zalantzarik gabe eta gaurko etapa irabazteko indarrak ere sobran zituen. Baina iaz bere ‘gregario’ zen Tiralongori garaipenaren bidean laguntzea erabaki du.

Bazirudien Katushak gaur Puritorekin etapa garaipena lortu nahi zuela. Di Luca eta gainerakoak lanean aritu dira ihesaldia zapuzteko eta hori lortu lortu dute, baina kataluiniarra ez da gauza izan etapa irabazteko.

Tropeltxo nagusian Tiralongok jo du aurrera 4 km ingururen faltan. 20 segundoko errenta ere lortu du. Dupont lehenik eta gero Purito mugitu dira, baita Gadret ere, baina ez dira gauza izan Tiralongo harrapatzeko. Contadorrek, berriz, beste behin ere erakutsi du indarrez sobran dabilela eta Tiralongorenganaino erraz iritsi da. Atzetik Nibali saiatu da beraiengana iristen baina Contadorren laguntzari esker bikotea elkarrekin helmugaratu da.

Tiralongo etapa garaipenik lortu gabe zen egundaino. Contadorrek hori ederki jakingo zuen eta taldekide ohiak izaki, etapa oparitzea garbi zuela ikusi da. Baina zergatik jokatu horrela? Hau da, etapa garaipena ez bazuen nahi, zergatik jo aurrera? Indartsuena dela erakusteko? Zalegoak ze majoa den ikus dezan? Badirudi dopin auziaren inguruko berriak jakin diren honetan bere irudia garbitzen saiatzen ari dela, baina gaurkoan, egin duena eginda, guztiz kontrakoa lortu duela esango nuke. Tiralongo oso gustora azaldu da telebistan eta Contadorrentzat hitz onak besterik ez zituen, baina ez dut uste Puritok berdin pentsatzen duenik.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.