Tourraren atariko menditsua

Gurearekin, Euskal Herriko Itzuliarekin, eta Paris-Nizarekin batera, astebeteko lasterketa garrantzitsuena da beharbada Dauphine Libere, Tourraren atarikoa. Romandiako Itzulia, Tirreno-Adriatico edota Suitzako Itzulia ez dira gutxietsi behar, baina koska bat beherako daudelakoan nago.

Tourra lehiatuko diren ziklistetako batzuk ikusiko ditugu Dauphinen, eta baita Giroak utzi dien txinparta baliatu nahi dutenak ere. Horiek denek ibilbide gogorrari aurre egin beharko diote. Gogorra eta ikusgarria da Dauphine. Antolatzaileek –Tourrekoak dira- Frantziako Itzuliak ezagun bihurtu dituen mendate batzuk sartu ohi dituzte menuan; Le Mont Ventoux –Iban Mayoren 2004ko erakustaldia ezin ahaztu-, Madeleine, L’Alpe D’Huez… Aurten Glandonen txanda izango da.

Hasteko, aitzin-etapa Saint-Jean deMaurienne. Bost kilometro eta erdiko saioan segundo gutxi batzuk baino ez dira izango batzuen eta besteen artean. Astelehenean, lehenengo etapan, Saint Pierre de Chartreusen amaituko da etapa. 144 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta bukaera bigarren mailako mendatean. Asteartekoa, teorian behintzat, lasaiagoa izango da, baina bukaeran profilak maldatxoren bat edo beste dagoela erakusten du.

Grenoblen izango da erlojupeko luzea: 42, kilometro bi aldaparekin. Ez dago dudarik: erabakiorra izan daiteke. Iaz, adibidez, Brajkovicek itzuli erdia irabazi zuen erlojupekoan. Litekeena da hiruzpalau txirrindulari baino ez ateratzea Dauphine irabazteko aukerarekin saio horretatik. Bezperan xahututako indarrak berreskuratzeko etapa izango da ostegunekoa. Esprinterrek izango duten abagune bakarrenetakoa izanen da.

Eta ostiraletik igandera bitartean, mendiko etapak. Ostiralekoa ‘motorrak berotzeko’ izango da; bigarren mailako hiru mendate, Parc des Oiseaux eta Les Gets artean. Larunbatean, kategoriaz kanpoko Le Collet D’Allevard-en amaituko da etapa; aurretik, bigarren mailako Aravis eta lehen mailako Cucheron igoko dituzte. Eta azken etapa, igandekoa, etapa nagusitzat jo daiteke. Kategoriaz kanpoko Glandon, aurrena, eta helmuga lehen mailako La Toussuiren. Aintzat hartuta astebeteko probetan ez dagoela atseden egunik, indarrak ondo neurtu beharko dituzte.