Gaurkoan bai. Milanoko gaurko etapa esprinterrentzat prestatua zegoen eta gaurkoan ingelesak ez du hutsik egin. Columbia-High Road taldeak ederki bideratu dio bere esprinterrari bidea garaipenak ihes egin ez ziezaion eta esan bezala, gaurkoan Petacchi gailentzea lortu du.
Orain arteko ediziotan gaurko etapa Giroko azkena izaten zen. 100. urteurrena dela eta, aurtengoan azken etapa Erroman amaituko denez ez zuten Milanoko zirkuitua alde batera uzterik nahi. Giroko lehen atseden egunaren bezperan, beraz, orain arte itzuliko azken etapa izan ohi zen ibilbidea egin dute.
Eguneko albiste nagusia, ordea, tropelak zirkuituaren inguruan adierazi duen arriskua izan da. Atzokoan Pedro Horrillok izan zuen ezbeharraren ondorioz, etapa hasi aurretik antolakuntzak tropeleko tentsioak baretzeko gaurko denborek sailkapen nagusian eraginik ez zuela izango adierazi dute. Ondorioz, etapa bakarrik jokatuko zen. Hala ere, tropelarentzat neurri hori ez zen nahikoa zirkuituaren arriskuaz jabetuta eta 6 itzuliren faltan gelditu egin dira. Di Lucak mikroa eskuan, ikusleei egoeraren berri eman die eta etapa ez zutela lehiatuko esan dute arriskuaz jabetuta. Orduraino zeramaten abiadura oso baxua zen eta zetorrena adierazten zuen. Ikusleei azalpenak eman ostean eta arduradunen desadostasuna agerian geratuta, txirrindulariek arauzko itzuliak emateari berrekin diote. Arduradunen zorionerako, azken itzulietan tropelaren abiadura arras handitu da eta etapa lehiatzeko prest zeuden txirrindulariak bazirela ikusi da.
Ordurako ETBk emanaldia moztu eta pilota emanaldiari lehentasuna eman dio etapak izan dituen gora beherak argudio hartuta. Eurosporten seinalea dugunok, ordea, etapa bukaeraraino ikusteko aukera izan dugu. Ez dut oso ondo ulertu ETBren portaera, eguneko partidua ez baitzen 18:00ak baino lehenago hasiko eta posible zuten etapa osoa eman estelarra jokatzen hasi aurretik. Desadostasunak desadostasun, azken itzuliak pentsatu baino ikuskizun gehiago eman du.
Helmugarako 10 kilometroren faltan Voeckler frantziarrak ihesaldi ahalegina egin du. Ordurako sailkapen nagusiko txirrindulari garrantzitsuak tropel nagusiko tentsioetatik ihesi atzeratuta geratu dira. Frantziarraren ahaleginak kilometro bateko iraupena izan du eta hortik aurrera ez da beste inor gauza izan saiakerarik egiteko.
Azken metroetara iritsi arte ez da beste ahaleginik izan. Esprinter guztiak lekua bilatzen aritu dira eta azken kilometroetan bultzadaren bat edo beste ere ikusi dugu, nahiz eta zigortzerainokoak ez izan. Aurrez esan bezala, Columbia-High Roaden laguntza osoarekin, Cavendishek betaurrekoak botatzeraino bizikleta mugituz garaipena erraz samar eskuratu duela esan daiteke. Gaurkoan Petacchi pattalago ibili da eta 5. postuan helmugaratu da. Honekin laugarren garaipena eskuratu du Columbia-High Road taldeak eta horietatik hiru azken hiru etapatan jarraian.
Zalantzarik gabe gaur tropelak hartu duen erabakiak polemika eta zeresan handia emango du. Segur aski batzuk ados egongo zarete eta beste batzuk kontra. Nik behintzat gauza bat dut garbi: ez da onargarria maila honetako txirrindularitzan horrelakoak ikustea eta alde guztiek beren esfortzua egin beharko luketela deritzot horrelako ikuskizun tamalgarririk eman ez dadin.
Janez Brajkovic: Denboraldi bat bere mailatik urruti egon ostean, badirudi “Jani” (horrela deitzen diote) bueltan dela. 2005ean debutatu ostean, mundu erdi harri eta zur utzi zuen 2006an, Suitzako Itzulian sekulako maila eman eta Espainiako bueltan egun batzuk lider pasa ostean. 2007an ere maila polita eman zuen, Georgiano Itzulia poltsikoratuz. Geroztik, galduta egon da joan den Trentinoko Itzulira arte. Bigarren bukatu zuen, Ivan Bassoren ostean, eta Girora gorputzaldi onean iritsiko da.
Fredrik Kessiakoff: Aipamen berezia suediarrarentzat. Fuji-Servetto taldea osatzeko azken unean hartutako txirrindularia da, eta taldeko mailarik onenetakoa ematen ari dena. Mendi bizikletatik dator, aurten bidera jauzia eginda, eta maila harrigarria ematen ari da, hain “berria” izateko diziplina honetan. Euskal Herriko Itzulian, Arraten 8º bukatzeko gai izan zen eta sailkapen nagusian 15º. Romandian, etapa erregina 4º bukatu zuen eta sailkapen nagusia 9º. Giroan zer? Galtzeko ez dauka ezer Fredrikek. Hiru asteko itzuli batean debuta… inolako presiorik gabe… zeresana eman lezake.
José Serpa: Kolonbiarra 29 urterekin txirrindulari zaildua da. Aurten Langkawiko Itzuli exotikoa irabazi du, exotikoa izanagatik erraza ez dena. Halaber, San Luisko Itzulian ere jaso zituen eskuak. Liège-Bastogne-Liègen azken kilometroeta
David López: Euskaldunon karta bakarra izango da lasterketa italiarrean. Oso igotzaile ona da bizkaitarra, eta lehen aldiz Caisse d’Epargnen dagoenetik, ez du talde buru garbi batentzat lan egin beharrik izango. Purito hor dago, eta Arroyok ere badaki Giroa top-10ean bukatzea zer den, baina nire ustez askatasuna emango diote Davidi. Narancon hirugarren izan berri da, eta sailkapen nagusian postu polit bat lortzeko gai da. Dena den, horrek ez du esan nahi lehiaketan sekulako puntu sorta lortuko duenik.