Bartzelonako kaleetako erorketak protagonista

6. etapa. Erorketak protagonistaGaurko etapak ezaugarri nagusi bat izan badu, Bartzelonako kaleetan izan diren erorketa kopurua izan da. Uztailean euri oso gutxi egiten omen du Bartzelonan, baina gaurkoan estatistiketako daturik okerrenak bete dira eta euriak protagonismoa hartu du.

Ihesaldia sortu da gaurkoan ere. Protagonistak Millar, Auge eta Chavanel ziren hasieran, baina Amets Txurrukak gaur bere doaiak erakusteko irrikaz zen eta hala egin du. Zoragarri ibili da Etxabarriko txirrindularia eta aurreko hirukotearekin bat egitea lortu du tropeletik ihes eginda. Laukotea genuen, beraz, etaparen garaipenaren bila. Esprinterren taldeek, ordea, atzokoan Voecklerrek lortu zuen bezalako ezusteko garaipenik ez zuten nahi, eta kontrolpean izan dute ihesaldia. Gainera gaurko etapan Columbia-HTC taldeaz gain Rabobank, Cèrvelo, Quick Step eta Milram taldeak ere interesa zuten gaurkoan Montjuic-eko maldan baitzen helmuga eta holako iritsieratan, ikusi dugun bezala, Cavendish ez da hain azkarra.

Cote de Corneira igotzen ari zirela, Bartzelonara iritsi aurreko portua, Millarrek aurrera egin du eta tropeltxoari tartea atera dio. Txurrukak atzetik jarraitu dio eta tropeltxoa banatu egin da. Chavanelek eta Augek (mendiko maillota eskuratzeko beharrezko puntuak pilatuta) amore eman du atzetik Astanako txirrindulariek lasterketa buruan zirela sendo baitzetozen. Malda hauetan Pauriolek aurrera egitea lortu du eta Amets Txurrukarekin bat egin du Bartzelonako kaleetara iritsi aurretik. Atzean, berriz, tropelean taldeak antolatzen hasi dira ihesaldiko azken txirrindulariak harrapatzeko eta Millar, bien bitartean, erlojupeko bailitzan, ondo ari zen tartea mantendu nahian.

10 kilometroko pankartan Amets Txurruka eta Pauriolen ahaleginak bertan behera geratu dira, baina aipatzekoa, berriro ere gaurkoan Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak egindako ahalegina, benetan txalotzeko izan baita saririk lortu ez duen arren.

Boonen helmugan erorketaren zauriekinTropela abiadura hartzen zihoan heinean eta lur bustiari bihurguneak gehitu zaizkienean erorketak. Lehen erorketan Rogers eta Haussler (hau gaurko etapan faborito nagusienean nuen) izan dira tartean, beranduago Euskaltel-Euskadiko txirrindulari bat eta beste zenbait erori dira, beste batean Boonen bera izan da erori dena eta etaparen lehiatik kanpo geratu dena… Erorketa ugari eta tropelean zatiketa handiak izan dira.

Azken metroetan bazirudien Freirek irabazi behar zuela, motibazio eta kokapenak hala pentsatzera eraman baikaitu, baina azkenean Hushovd norvegiarrak aurre hartu dio kantabriarrari eta etapa bereganatu du.

Aurrez aipatutako erorketen ondorioz kaltetuenen artean Rogers izan daiteke. Dakizuen bezala atzo Gesinkek erorketa izan zuen eta azterketa egin ondoren esku muturra hautsia zuela esan eta aurtengo Tourrari agur esan beharrean izan da. Rogers ere egoera berean aurki dezakegu bihar. Bihar ikusiko dugu, beraz, gaurko etapan zenbat baja eragingo dituen.

Tropela, esan bezala, zatituta iritsi da eta horrek sailkapen nagusian aldaketa eragin ditu. Euskaldunen artean nabarmenena Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza izan dira, lehena 15. posturaino eta Pasaiatarra 47. posturaino liderrarengandik 4’04”ra.

Bihar Pirinioetako lehen etapa. Ikusmin ikaragarria eta faboritoak nola dauden erakutsiko digutena. Armstrong, Contador, Evans, Leipheimer, Sastre, Menchov,… hauek ezingo dute hutsik egin garaipenaren lehian jarraitu nahi badute, batez ere gazte ugari baitago biharko etaparen zain eta ezustekoren bat emateko prest!

Argazkiak: cyclingnews.com