2010ari errepasoa (II): Contador jaun eta jabe Paris-Nicen

Contador, Paris-Nice irabazi zuen eguneanParis-Nice espainiarren jabego pribatua bilakatzen hasi da. 2007an Contadorrek eta 2009an Luis León Sánchezek irabazi ostean, aurtengo ekitaldian berriro Contador gailendu zen, podiumean beste bi espainiar zituelarik alde banatan: Alejandro Valverde eta Luis León Sánchez bera.

Urtero bezala denboraldiko etapetako lehen itzuli handia izango zen hartan, ibilbide klasiko xamarra diseinatu zuten antolatzaileek. Beharbada, Mont Faron faltan botako zuen bakarren batek, baina Col de Mende ere han zegoen, lasterketa hankaz gora jarri nahi zuenari deiadarka. Lehenengo etapa ohiko prologoa izan zen, eta han Lars Boom erraldoia izan zen azkarrena, Jens Voigt beteranoaren aurretik. Hurrengo bi etapak esprintean erabaki ziren. Lehenengoan, Greg Hendersonek altxatu zituen eskuak, SKYri beregan jarritako konfidantza itzuliz. Beste esprintean William Bonnet frantziarra nagusitu zen, Peter Saganen aurretik. Elastiko horiak oraindik Boomen bizkarrean jarraitzen zuen…

Hirugarren etapan gauzak serio jartzen hasi ziren. Aurillac-en bukatu zen hartan, igotzaileek eta txirrindulari esplosiboek esprinterrei erreleboa hartu zieten. Etapa 2º mailako mendatean bukatzen zen, eta Peter Sagan harrigarriak, itzulia hasi arte ezezaguna izanagatik, protagonismo handia hartu zuen, garaipena lortuta. Protagonismo handia, bai, baina ez guztia. Eguneko beste albistea, Jens Voigt beteranoak maillot horia jantzi zuela izan zen. 39 urte betetzeko bidean, eta oraindik ere maila harrigarrian! Laugarren etapan Alberto Contador agertu zen. Etapa Col de Menden amaituta, denak berari begira zeuden, eta ez zuen hutsik egin: etapa eta lidergoa. Bostgarren etapak Aix-en-Provencera bideratu zuen tropela. Ibilbide gorabeheratsu hartan, tropela majo bakandu zen, eta talde ez oso handi bateko esprinta Peter Saganek irabazi zuen. Bigarren etapa beretzat, eta denak ahozabalik, hain ondo zebillen 20 urteko gazte eslobakiarra nor ote zen galdezka. Izan ere, irabazitako 2 etapez gain, beste guztietan ere punta-puntan ibilia baitzen (2º, 5º…). Contador, lasai. Gutxik uste zuten dagoeneko itzuliak ihes egingo zionik Pintokoari.

Azken bi etapak tranpaz josiak zeuden. Seigarrenean, Col de Vence helmugatik oso gertu zegoen, eta Xavi Tondo kataluniarrak probestu zuen tropelean elkarrenganako zegoen errespetua. Bakarrik iritsi zen helmugara, garaipen handi bat lortuta.

Itzulia bukatzeko, etaparik gogorrena, Col de la Porte, La Turbie eta Col d’Eze igoten baitziren, hirurak lehen mailakoak. Frantziarrek gerra gogoa zeukaten, aste guztian Bonnetek lortutako altxorra baino ez baitzuten bereganatu, atzerritarren nagusitasunaren aurrean ezinean. Gauzak horrela, tropeleko bi gudarik aurrea hartu zuten eta beraien artean disputatu zuten etapa. Amaël Moinardek Cofidisi garaipen eder bat eman zion, Thomas Voecklerri bien arteko esprinta irabazita.

Laburbilduz, Contador garaile, Col de Menden lortutako segunduei ezker. Podiumean berarekin, Valverde (beti ala beti aurrean edozein lasterketatan) eta Paris-Nice hain gustuko duen Luis León Sánchez. Baina nire ustez, inolako duda gabe, itzuliko izen berezia Peter Sagan izan zen. Aurrerago erakutsi zuen Paris-Nicen emandako kalitate distirak ez zirela kasualitatea izan, Romandian etapa bat eta Kalifornian beste 2 irabazita. Eta hori dena 20 urterekin. Non dago mutiko honen sabaia?

Contador: “Txirrindularitzan sartzen zarenean Erregeak gurasoak direla konturatzen zarenean bezala da. Desilusio bera da”

Contadorri eginiko ongi etorri ekitaldia. PintoOraintxe ikusi dut Marca.com-en bere amari egindako elkarrizketatxo batean Contadorrek hitz hauek nola esan zizkion adierazten. Egia esanda ez dakit nondik hartu adierazpenok. Zuek ideiarik bai?

Contadorren kasuaren ebazpenaren zain nago. Asko ari da atzeratzen eta ez dakit ba hori zenbaterainoko ona den.

Bitartean kasuaren inguruko informazio ezberdinen berri jasotzen ari gara. Alde batetik VIAR operazioa dugu. Dakizuen bezala operazio honetan 34 pertsona atxilotu dituzte tartean albaitariak eta txirrindulari bat. Dirudienez zerabilten klenbuterola lasterketako zaldiak bizitzeko zen, baina ez dirudi kontsumorako abereetan erabili denik. Hala ere esanguratsua deritzot operazio honen nondik norakoak egun hauetan aireratzea.

Horretaz gain Contadorrek Oviedoko Criteriumean parte hartu ala ez eztabaidagai aurkitzen da. Hasiera batean Pintokoa joango zela adierazi zen. Beranduago ez zela joango esan omen zuen eta azkena Espainiako txirrindulari federazioak esandakoa da. Honen esanetan legalki ez dago inongo eragozpenik Contador Oviedoko Criteriumean izateko ez UCI ez eta WADAk ere ez baitie inolako zigorren berririk eman. Legalki, beraz, Contador Oviedon izan daitekeela dirudi. Nire ustez, ordea, ebazpena ematen ez den bitartean Pintokoa agerraldi publikoak ekiditen saiatuko da; nik behintzat hori egingo nuke bere lekuan.

Eta amaitzeko Pinto herriak Contadorri ematen ari zaion baldintzarik gabeko babesa aipatuko nuke. Post honen hasierako Contadorren amaren adierazpenak atzo egin zen ekitaldikoak dira. Ez da lehen ekitaldia izan eta ez da azkena izango ere. Hori bai, Marca.com-eko iruzkinak irakurrita badirudi ez duela babes gehiegirik txirrindulari zaleen artean Pintokoak.

Argazkia: picapp.com

Zenbat pausotan erlazionatu daitezke Contador eta Patxi Lopez lehendakaria?

2010_enba_klenbuterolaFelix Linaresen “La noche de…” saioaren ataletako batean oinarritzea pentsatu dut gaurko post xume hau idazteko. Izan ere Patxi Lopez-ek egin zituen adierazpen batzuekin Contador eta lehendakaria pauso bakar batean erlazionatu daitezke. Bai, lotura hori klenbuterol sustantzia famatuak egiten du.

Dakizuen bezala Contadorrek Irunen erositako azpizuna jan omen zuen positibo eman zuen egun hartan. Bere esanetan azpizun hura klenbuterolaz kutsatuta zegoen eta horregatik eman omen zuen positiboa.

Patxi Lopezek dirudienez sinistu egin zuen Pintokoaren bertsioa eta bertsio hau zalantzan jarri beharrean hemengo abeltzainei egotzi die errua. Hau guztia aurreko astean ETBn eginiko elkarrizketa batean izan zen. Jarrera honek ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuarengan haserrea sortu du eta gaur egin duten prentsaurrekoan lehendakariari jarrera zuzentzeko eskari sendoa egin diote.

Contadorrek bere prentsaurrekoa eman zuenean kontatu zituenak ezin nituen sinistu: “lagun bat zetorren bisitan eta bidean zela haragia erosteko esan genion… Ez, Vinokourovek ez zuen jan ze afaltzera lehenago joan zen… Vinokourov haserretu egin zen haragi haren zatirik utzi ez geniolako …”. Ze histori nahaspilatu eta sinesgaitz da hori? Nik behintzat ez nion ezer sinistu, eta ez hori bakarrik, ikaragarria iruditu zitzaidan kontatu zuena jakinda hilabetez lehenago positiboa eman zuela. Asma ezak ba zerbait sinesgarriagoa denbora nahikoa izan duk eta!!

Baina honetan guztian onena Europan abeltzaintzan debekatuta dagoen sustantzia batez kutsatutako haragi bat erosi zela esan zuela da. Nik uste gizajoak ez zuela ondo pentsatu zer nolako iskanbila sortzera zihoan. Prentsaurrekoaren ondoren RTVEko elkarrizketa hau ikusi nuen eta hor bai, hor saiatu zen nolabait abeltzainen artean sor zezakeen kaltea leundu nahian (bideoko 4. minututik aurrera). Nire ustez orduan hasi zen jabetzen harea mugikorretan murgildu zela eta zenbat eta azalpen inozo gehiago eman orduan eta gehiago hondoratzen ari zela.

Ez dakit zer iritzi izango duzuen, baina nire inguruko txirrindulari zaleak bat datoz Contadorren bertsioa sinesgaitza dela esaterakoan. Beharbada lehendakaria bezala beste asko izango da Contadorren bertsioari sinesgarritasuna ematen diona. Kontua da dagoeneko zalaparta dopin auzitik haratago zabaldu dela, Pintokoak espero baino urrunago zalantzarik gabe.

Nik Contadorrengan sinisten dut

contadorAlberto Contadorren ustezko positiboak hautsak harrotu ditu. Nola ez ba. Ostegun goizean zabaldu zen albistea. Azkar zabaldu ere. Gaur egun sare sozialei esker konturatzerako zeharo barreiatzen dira berri onak zein txarrak. Ostegun goizean zabaldu zen albistea eta arratsaldean, Contadorrek eta haren gertuko Lopez Cerronek emandako argudioen inguruan era guztietako iritziak irakur zitezkeen han eta hemengo foroetan, Irungo haragiak sekulako fama pilatzeraino!

Nik, egiari zor, Alberto Contadorrengan sinisten dut. Zaila egiten zait oso Tourreko txirrindulari indartsuena izanik, nahita, legez kanpoko zerbait hartzea, jakinda kontrolak inoiz baino zorrotzagoak direla. Hala ere, aitortu behar dut Contadorren aurpegiak prentsaurrekoan Roberto Herasena ekarri zidala gogora, 2005eko Vuelta eta gero, positiboa eman izanagatik egindako agerraldian errugabea zela esan zuenean. EPO zantzuak aurkitu zituzten espainiarraren azterketetan, eta ez zen berriro bizikleta gainean igo lehiatzeko. Jaizkibelen aurtengo Klasikoan egindako pintaketa bat ere etorri zait burura: Non dago Mikel? Bai, tropelzalea, Mikel Astarloza sanpedrotarraren zaleek egina da. Denbora izugarri azkar pasatzen da, baina urtebete pasatxo da Astarloza lasterketetan ikusten ez dugula. Hark ere prentsaurrekoa eman zuen, eta ziurtatu zuen ez zuela legez kanpoko ezer hartu, nahiz eta azterketek kontrakoa esan. Eta nik sinisten diot. Baita Iban Mayori ere. Egia esan, Landisi ere sinistu nion. Beraz, akaso arazoa neu naiz, inozoegia naizela alegia. Txirrindularitzaz nik baino gehiago dakien adiskide eta tropelzale porrokatuak, ordea, ikertzeko erronka bota dit, Tourrean, atseden egunaren bueltan positiboak ohikoak direla, eta oker ez banago, Mayo eta Vinokouroven positiboak atseden egunaren bueltan izan ziren 2007an, esate baterako. Esandakoa, akaso xalo samarra naiz.

Txirrindularitza zale soila naiz, eta txirrindularia maite dut. Baina beti kanpotik jarraitu dut. Azterketak segurtasun neurri guztiekin egiten direla sinetsi nahi dut, eta txirrindulariek ere diotenari sinesgarritasuna ematen diedanez, bada talde batzuetako jokabideak ez direla guztiz zuzenak ondorioztatzen dut nik. Eta txirrindulariek larrutik ordaintzen dutela -oraingoan haragia erosterakoan arduragabe jokatu omen du norbaitek, txirrindulariaren bertsioarekin bat baldin bagatoz-.

Babes handia eta babes ez horren handia

Hori bai, ez zait batere gustatu Espainiako kirol erakundeetako ordezkariek Contador sutsuki babestu izana. Non zeuden haiek zigortutako beste hainbat txirrindularik lau haizetara zabaldu zutenean errugabe zirela?

Contador zigortu behar duten? Pena litzateke bera bezalako txirrindularia bi urtez galtzea laginak esku artean dituztenak zalantzati badabiltza, baina ezin ahaztu aurretik aipaturikoak -Heras eta abar- zigortu zituzten, Valverde zigortu dute inongo azterketatan positibo eman gabe, Puerto Auzian sartu zutelako. Eta zaku berean sartu zituzten, gutxi batzuk aipatzearren, Osa anaiak, Joseba Beloki eta David Etxeberria. Nik, ikusle gisa, haien falta sumatu dut proba askotan. Egunotan asaldatu diren askok, nonbait, ez.

Sentitzen dut horren gauza gutxi argitu izana. Sokratesek duela mende asko esan zituen hitzak nire egingo ditut: Dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer.

Argazkia: AFP

Contadorrek taldez aldatzea erabaki du

Contador

Kontrakoa esaten jardun bada ere, azkenean Astana taldea alde batera utzi eta besteren batera doa. Pintoko pistoleroa ez al zegoen ba gustura Astanan?

Zurrumurruen arabera egungo Saxo Bank taldera joango da. Dakizuen bezala aldaketak izango dira Riisek zuzentzen duen taldean. Alde batetik Schleck anaiak taldea utziko dute Luxenburgoko talde berri bat osatzeko. Bestalde Saxo Bankek taldea babestea aurten amaituko dela jakin zen.

Kontextu honetan, Riisek babesle berri bila eta txirrindulari izarren baten bila aritu da. Eta biak aurkitu ditu. Contador izan daiteke txirrindulari hori eta babeslea Spezialized, Contador eta Saxo Bankeko patrozinatzailea.

Hau konfirmatzen bada hurrengo urtean Spezialized talde berri hau ‘dream team’a izan daitekeela dirudi, Tourrerako Contador eta klasikoetarlako Cancellara.

Nire ustez Contador Astanan espero baino okerrago izan da eta ez da hain eroso izan Vinokourovekin talde berean. Hori bai, bere konfidantzako txirrindulariak eta lantalde berarekin izango dira.