Aste Santuan… Espartako!!

Iragan larunbatetik egun batzuk pasa diren arren, Fabian Cancellara-ren erakustaldiari buruz lerroren bat idaztea derrigorrezkoa da. Suitzarrak erakustaldiak ematea gaur egun albiste ez bada ere, Milano-San Remo klasikoan eginikoak zur eta lur utzi gintuen lasterketa ikusi genuen gehientsuenok.

Cancellara San Remoko helmuganGaraipenen zerrenda otsailean ireki zuen ordea, Californiako Itzuliko atarikoa irabazita. Ondoren ez zuen sailkapen nagusia lortu, baina hortik ez askora Monte Paschi Eroican bigarren garaipena erdietsi zuen Alessandro Ballan-i buruz buruko politean aurre hartuta. Milano-ko irteeran beste garaipen handi batekin aurkeztu zen, Tirreno Adriatikoan lorturikoa, alegia. Bertan taktika sinple bezain eraginkorra baliatu zuen: Montelupone-ko horma zatian eutsi, eta erlojupekoan hautsi.

Bi itsasoen lasterketan erakutsi zuen pedal kolpeak txirrindulari askok faboritoen zerrendan sartzea eragin zuen. Classicissima irabazteko hautagai nagusietakoa zen Oscar Freirek berak suitzarrak erakutsiko indarra harritzekoa zela esan zuen. Hala ere, azken urteotako aurrekaria aintzat hartuta, espainiarra bera edota Thor Hushovd, Alessandro Petacchi eta gainontzeko esprinter handiak ziren kiniela gehienetan sartzen zirenak.

Baina, iragarpen horiek aurrikusten zuten gidoia hautsiz, uste baino talde txikiagoa heldu zen Poggio mendatearen hasierara lasterketa buru gisa. Cipressa-n zalaparta dezentea izan zen; Bettini eta Lövkvist-ek egin zuten aposturik sendoena. Ondoren Rebellin berak ere agerraldia egin zuen (ez zen azkena izango). Alabaina, Cipressa beti izaten da Continue reading “Aste Santuan… Espartako!!”

Frantziako Tourreko izen batzuk

podium.jpgAmaitu da aurtengo Tourra ere! azken egunetan kirol arlotik kanpoko berriek indar handiagoa izan badute ere, Tour ikusgarri eta erakargarria ikusi dugunaren sentsazioa geratu zait. Urte osoa proba honi begira egoten den txirrindulari asko da tropelean eta horietako oso gutxik aurkitzen dute saria bertan. Beste askok suspentso handi batekin bueltatu behar izaten dute etxera, iraileko azterketetan (Espainiako Itzulia, Mundialak, Lombardia…) aprobatzeko asmoarekin. Hona hemen onerako edo txarrerako protagonista izen direnen laburpentxo bat.

Alberto Contador : 24 urteko gazte honek, Tourreko bere bigarren partehartzean irabazteko gai izan da. Aspaldidanik esaten zen Tourreko irabazle izan zitekeela, neuk behintzat hain azkar lortuko ez zuela pentsatzen banuen ere. Errepidean bera baino hobeago bat izan arren, Rasmussen, maillot horia Pinto aldera ekartzeko moduan izan da. Aurten gainera denboraldi hasiera bikaina egin ondoren hemendik aurrera deskantsatzeko ordua iritsi zaiola uste dut.

Michael Rasmussen: errepideko gizonik indartsuena izan arren, bere taldeak kanporatu zuen Tourra prestatzeko egunetan bere egoerari buruzko gezurrak esateagatik. Golpe handia izango zen berarentzat, ikusiko dugu burua altxatu, talde berri bat aurkitu eta bere mailara itzultzeko gai den.

Euskaldunak: Euskaltel Euskadikoak orokorrean oso ondo, Zubeldia eta Astarloza 10 aurrenekoetan eta ihesaldietan protagonista Ruben Perez, Txurruka, Verdugo eta Landaluzerekin. Mayo Alpeetan oso ondo baina Tour amaierako berriak dena hankaz gora botatzen du. Vilak eskutuan pasa ditu 3 asteak baina eraman duen denboraldiarekin ni behintzat ez nago gehiago eskatzeko. Garaterengandik gehiago espero nuen, puntu bat edo bi falta izan zaizkio onenekin ibiltzeko.

Fabian Cancellara: Aurreneko asteko protagonista nagusia. Prologoan eta Compiegnen lortutako garaipenak ikusgarriak. Txirrindularitzan ikusten diren erakustaldien parte handi bat suitzar honek ematen ditu.

Yaroslav Popovych: oso gutxi irakurri dut ukrainiarrari buruz baina Tourreko protagonista handi eta garrantzitsua izan dugu. Bere taldeburuentzako sekulako lana egin ondoren (tropela txiki-txiki eginda uzten zuen tiraka hasten zenean) sailkapen nagusian 8. amaitzeko gai izan da. Talde lanerako munduan dagoen txirrindulari onena dela esatearekin ez dut uste errurik egingo nukeenik.

Sprinterrak: ez da dominatzaile garbirik izan. Horren lekuko McEwen, Boonen, Hushovd, Bennati eta Hunterren garaipenak.

Ibilbidea: beti bezala Tourra gogorra izan da eta horretan ibilbideak lagundu du, nahiz eta txirrindulariek ez dituzten aprobetxatu hain ondo kokatuta zeuden Cormet de Roseland, Bales edo Aubisqueko etapa osoa. Ibilbide zoragarria zuten baina txirrindulariek nahi ezean antolakuntzak ezin du ezer gehiago egin.

Aprobatu ez dutenak: nik uste nuenera gerturatu ez direnen zerrenda honako hau da. Pereiro, Karpets, Valverde, Eisel, Cavendish, Zabriskie, Moreau, Anton, Schumacher, Kohl, Ventoso. Noski, batzuk gehiago agertu dira baina ez dut uste euren helburuak lortuta bueltatu direnik etxera.

Vinokourov, Moreni, Sinkewitz eta Mayo: Tour honetako berririk txarrenak (edo onenak, nondik begiratzen den arabera). Sekula ez nituen konpartitu Tourreko antolakuntzak bere probarekiko izaten zuen “garbi ” hotsa. Kasu hauek hori erakusten dute. Zer egin behar denaren eztabaida denen artekoa izan behar da baina zerbait egin beharra garbi ikusten da.

Asko izango dira jadanik datorren urtera begira hasiko direnak baina aurrez lan asko egitea tokatuko zaie. Hurrengo zita Espainiako Itzulia. Joan prestatzen zuen kinielak, ezustekoak eta abarrak, Tropelako lehiaketa berriro martxan izango baita.