Oilar asko eta Armstrong!

Armstrong livestrong mallotarekin15 egun barru hasiko Italiako Giroa, ehunurteurrenaren Giroa. Ez da ehungarren ekitaldia, 92.a baizik, baina 100 urte betetzen ditu Giroak eta beraz, aurtengoa berezia izango da. Berezia izatea nahi zuten antolatzaileek eta ibilbidean esperimentuak txertatu dituzte: Taldekako erlojupekoa Venezian, bakarkako erlojupeko oso luzea (61 km), 83 km-ko etapa laburra izugarrizko igoerarekin (Blockhaus), 100 itzuliko zirkuitua Milanon, Erromako amaiera eta nola ez, mendi eta aldapatxo ugari… Baina Giro hau benetan erakargarria egiten duena beste gauza bat da: Lance Armstrong-en parte hartzea!

Ondorioz, ia urtero bezala, aurtengo ekitaldiak ere lasterketa ikusgarri bat izateko osagai guztiak ditu. Eta parte hartzaileak edo hautagaiak? Etorriko al dira? Armstrong-ek izango al du aurkaririk? Ba bai, eta ez nolanahikoak.

Oraindik parte hartzaileen zerrenda ofizialik ez da kaleratu baina denen ahotan dabiltza honako izen hauek:

– Ivan Basso: 2006ko garailea. Bi urteko zigorraren ondoren aurten itzuli da.

– Danilo Di Luca (LPR): 2007ko garailea.

– Damiano Cunego (Lampre): 2004ko garailea.

– Gilberto Simoni (Serramenti): 2001eko eta 2003ko garailea. 7 aldiz podiuma zapaldutakoa.

– Marzio Bruseghin (Lampre): Iaz podiumean amaitu zuen 3.postuan.

– Carlos Sastre (Cervelo): Iazko Frantziako Tourreko garailea

– Denis Menchov (Rabobank): Tour gizona da baina iaz Giroa 5.postuan amaitu zuen.

– Levi Leipheimer (Astana): Tour gizona. Armstrongen taldekidea. Aurkaria etxean?

– Franco Pellizotti (Liquigas): Iazko Giroa 4.postuan amaitu zuen.

– Stefano Garzelli (Acqua Sapone): 2000ko garailea.

Badira, faltan botako ditugunak ere: Alberto Contador, Ricardo Riccó, Cadel Evans, Christian Vandevelde,  Schleck anaiak… baina halere hautagaien zerrenda itzela dela iruditzen zait. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Buruari eragin beharko diogu bi aste hauetan Tropelan kiniela txukun bat egiteko!

Ma come, Valverde!

Valverde, Le Figaro irakurtzenItalieraz ezer gutxi dakit nahiz eta lurralde horretan izana naizen eta pizzak gustoko ditudan: ragazza, tutto eta gutxi gehiago. Eta beharbada izenburuan ere hanka sartu dut (zuzenketak gustura onartzen ditut), baina seguru Valverdek beste ezetz.

Zurrumurru asko izan dira azken urteotan Italiako Komite Olinpikoa (IKO) eta Valverderen artean. 2006ko maiatzean argitara ateratako Puerto Operazioaren eskandaluaz geroztik, Madrilgo epaileek ‘Valv-Piti’ odol poltsak Valverderekin zerikusirik ez zuela zioten bitartean, Italiarrak, beharbada Basso eta Scarponiren erruduntasunak eragindako kalteaz edo, Valverderen erruduntasunean sinisten zuten. Valverdek ez du (oker ez banaiz behintzat) 2006ko maiatzaz geroztik Italiako lehiaketatan parte hartu, baina iaz hanka sartu zuen. Edo beharbada Tourrak italiarrekin bat eginda hanka sartzera bultzatu zuten.

Continue reading “Ma come, Valverde!”

20. etapa: St. Etienne – St. Etienne

Aurten ez dute erlojupekoan ondo ibiltzen direnek aukera gehiegirik izan. Gaurkoan 55 km dituzte baina ez espero garai honetan erlojupekoan espezialista hutsak direnek irabazteko aukerarik izango dutenik, ez behintzat eguraldiak edo beste baldintzaren batek aurkakorik esaten ez badu. Gogoratu 2003 urtean izan zen azkeneko erlojupeko, bertan Millar, eguraldi txarraren ondorioz garaile izan zela.

Gaurko hautagai nagusia Lance Armstrong dela esateak ez dut pentsatzen inor harrituko duenik. Aurtengo denboraldi osoan ez du garaipenik eta bera ezagututa ez dut uste horrek grazia handirik egingo dionik. Tour honetako “boss”-a dela behin betikoz garbi uzteko ere asmoa izango duela iruditzen zait eta ziurrenik hori lortu ere bai.

Agian, etapa garaipena lortzeko baino handiago izango da podiumeko 3. koska edo 10 aurrenekoen artean posturen bat irabazteko borroka. Armstrong eta Basso-ren aurreneko eta bigarrengo postua ia ziur daude, ez ordea Rasmussen-ek momentu honetan duen 3.a. Atzo Ullrich-ekiko galdu zituen segundotxoak erabakigarriak izan daitezke. Kolokan dauden beste postuak Mancebo eta Leipheimer-en artekoa eta Evans, Vinokourov eta Landis-en artekoak izan daitezke. Kasu hauetan, azkenean Ullrich, Leipheimer eta Vinokourov garaile irtengo direla iruditzen zait.

Beraz, etapa garaipenerako Lance Armstrong da hautagai nagusia eta sailkapen nagusia honela gelditu daitekeela iruditzen zait:

  1. Armstrong
  2. Basso
  3. Ullrich
  4. Rasmussen
  5. Leipheimer
  6. Mancebo
  7. Vinokourov
  8. Evans
  9. Landis
  10. Pereiro