Iparraldeko ortzadarraren bila

Errepide gaineko denboraldiaren hasiera lau haizetara zabaldu den honetan (Lance Armstrong-en itzulerak eraginda berez lasterketek duten garrantziak baino), ziko-krossarena bere amaierara ari da iristen, isilean, ohi bezala. Espezialitatearen puntu gorena heltzeke da oraindik ordea, asteburu honetan jokatuko baitira Herbeeretako Hoogerheide-n Munduko Txapelketak. Urteroko legez, proba nagusia gizonezkoen elite mailakoa izango da.

Lars Boom txapeldun Trevison (2008)Iaz Trevison txapeldun izan ostean, Lars Boom titulua berresten ahaleginduko da. Etxean finkatu ditu 2009rako helburuak herbeherearrak: bere Iparraldeko Brabanten bertan ospatuko den munduko txapelketa, eta goraxeago hasiko den Espainiako Itzuliaren atarikoa. Errepidera eman lezakeen behin betiko urratsak ordea iganderako grina piztuko dio seguru asko.

Hasiera batean biren arteko lehia behar luke igandeko lasterketak. Esan beharrik ez da, Boom-en arerio nagusia Sven Nys handia izango dela. Flandestarrrak ez dauka urteko zitarik garrantzitsuenarekin erlazio onegirik (behin baino ez da izan txapeldun), baina parte hartzen duen lasterketa orotan da faborito.

Continue reading “Iparraldeko ortzadarraren bila”

Ziklokros denboraldia

Igandean ziklokross-ean momentuan diren munduko espezialista handi ia guztiak izango ditugu Euskal Herrian, Igorreko Munduko Kopako proban. Niels Albert gaztearen baja ezagunari seguru asko Lars Boom-ena gehitu beharko zaio, munduko txapelduna Kanarietan egotekoa baita asteburu honetan, 2009a hobeto prestatzeko asmoz.

Pena handia da horren lehia estuan ibili diren egungo hiru txirrindulari handienak elkarren aurka ikusterik ez izatea, are gehiago herbeherearrak agian lokatz gainean egingo duen azkeneko denboraldia hau izango dela jakinda. Iazko garaile eta oraindik orain espezialitatearen erregetzat har daitekeen Sven Nys behintzat hantxe izango da. Zeresanik gabe bera izango da faborito.

Fideako txirrindulariak Koksijdeko Munduko Kopako lasterketan

Flandestarraren areriorik handiena Fidea taldeak behar luke, bere osotasunean. Iragan larunbatean Koksijde-ko hondartza inguruetan jokatutako Munduko Kopako laugarren saioan halaxe izan zen, eta Wellens, Stybar, Pauwels eta Vervecken-ek egindako talde-lanari azken honek atera zion etekina. Lauretan indartsuena bera izan zela ere esan beharra dago. Nolanahi ere, Fidea-k lidertza norbaitengan jarri beharko balu, behetik gora nabarmen datorren Bart Wellens-engan egin beharko luke.

Maila bat beheraxeago Klaas Vantornout eta Francis Mourey azaltzen dira. Frantziar Estatuko txapeldunak goi mailako lasterketa gutxi lehiatzen ditu bere aurkariekin alderatuz, baina hortzak erakusten dituen horietakoa da. Sunweb taldeko flandestarra, berriz, moralez gainezka izango da Superprestigio-ko azkeneko proba irabazita. Koxka honetan Albert-en hutsuneak Palmans taldearen lidertzan jarri duen Radomir Simunek txekiarra ere jar liteke.

Lasterketan italiarrik izango ez dela kontuan hartuz, gainerako izenak (garaipenetik gertu behar ez luketen arren ohorezko postuak beteko baitituzte) Aernouts, Al, Bina, De Knegt, Sven Vanthourenhout gora beheratsua eta Peeters gaztea dira. Euskal txirrindulariei dagokionez, nahiko lan izango dute munduko izarren handienen aurrean. Azkeneko lerroetatik atera beharko dira gainera. Edonola ere, Javier Ruiz de Larrinaga, Unai Yus, Egoitz Murgoitio eta David Juarez izango dira irteeran.

Atsedenerako denborarik gabe, astelehenean Asteasuko Ziklokrossa ospatuko da. Egutegiak eskaintzen duen abantaila probestuz, antolatzaileek Arratiako lasterketaren ostean jartzea erabaki dute. Erabaki zuzen horri esker, gizon handi gehientsuenak Asteasun izango dira. Eurez gain, David Seco ere Gipuzkoan izango da, eta Igorrerako aukeratua izan ez dela kontuan hartuz, joan den asteburuan Aizarnazabal-en eman omen zuen erakustaldiaz gain, busturiarraren aldetik jarrera ausarta espero liteke.

hammezogge_nys_elurretan.JPG

Euskal asteburuaren ostean, oraindik ikuskizunez betetako bi hilabete geratuko dira. Munduko Kopak lan erdiak pasata izango ditu ordurako, eta Nys-ek lidertza nekez ikusiko du arriskuan. Lehiaketa horrek eskaintzen dituen zirkuituengandik urrun ordea, nazioartean GvA (Gazet van Antwerpen) txapelketak eskaintzen du espezialitateko aurpegirik gogorrena, lokazdiari dagokionez batez ere, baina baita gora beheren aldetik. Horren lekukorik garbiena, txapelketaren irekiera izan zen Koppenbergcross proba. Azken boladako ikuskizunik handiena ordea Superprestigioak eskaini zuen, irudian ikus daitekeen moduan. Hitzak soberan daude. Hori bai, esan beharra dago bi lehiaketa hauetan ere Sven Nys bera dela lider. Albert-en lesioak eta Boom-ek lasterketa guztietan parte hartu ez izanak mesede egin badiote ere, bere indarraren erakusgarri den datua.

Urtarrilan jada begi guztiak Hoogerheide-ko Munduko Txapelketari begira egongo dira. Baita gu ere. Pena da ordea Euskal Telebistak errepidearekin egiten duen apustuarekin alderatuz horren urrun geratzea ziklokross-arekin egiten duena. Halako modalitate ikusgarriak eta geurean tradiziodunak bestelakorik merezi du.

Argazkiak: www.uci.ch / jef (neo.superprestigecyclocross.com)