Iparraldeko ortzadarraren bila

Errepide gaineko denboraldiaren hasiera lau haizetara zabaldu den honetan (Lance Armstrong-en itzulerak eraginda berez lasterketek duten garrantziak baino), ziko-krossarena bere amaierara ari da iristen, isilean, ohi bezala. Espezialitatearen puntu gorena heltzeke da oraindik ordea, asteburu honetan jokatuko baitira Herbeeretako Hoogerheide-n Munduko Txapelketak. Urteroko legez, proba nagusia gizonezkoen elite mailakoa izango da.

Lars Boom txapeldun Trevison (2008)Iaz Trevison txapeldun izan ostean, Lars Boom titulua berresten ahaleginduko da. Etxean finkatu ditu 2009rako helburuak herbeherearrak: bere Iparraldeko Brabanten bertan ospatuko den munduko txapelketa, eta goraxeago hasiko den Espainiako Itzuliaren atarikoa. Errepidera eman lezakeen behin betiko urratsak ordea iganderako grina piztuko dio seguru asko.

Hasiera batean biren arteko lehia behar luke igandeko lasterketak. Esan beharrik ez da, Boom-en arerio nagusia Sven Nys handia izango dela. Flandestarrrak ez dauka urteko zitarik garrantzitsuenarekin erlazio onegirik (behin baino ez da izan txapeldun), baina parte hartzen duen lasterketa orotan da faborito.

Bakoitzak erabiltzen duen taktika ikustekoa izango da. Belgikako selekzioan azkenaldian urak arrotu xamar dabiltza. Orain aste batzuk Albert-ek bere selekzioaren alde baino bere taldekide den Simunek-en alde egitea nahiagoko lukeela esan zuen, bere burua aukerarik gabe ikustekotan. Ez ziren ongi jasotako hitzak izan flandestarren artean, bai baitakite Boom garaitzeko (are gehiago gora-behera handiegirik gabeko eta teknikoegia ez den zirkuitu batean) zatikaturik joateak ez diela mesederik ekarriko. Rabobank-eko txapeldunak berriki belgiarren artean giroa nahasia dela adierazi zuen, iganderako bero-bero heltzeko asmotan seguru asko.

Kontua da ziko-krossak ez duela errepideak izan dezakeen taldekideen lehialtasunik ezagutzen. Eta belgikar selekzioan gehientsuenek norbera zerbait egiteko egokieran ikusten dute. Hauen artean Albert bera derrigor aipatu behar da, izandako lesioaren ostean gorenean izatea kosta bazaio ere, berezko talentu ikaragarria daukalako. Bere alde, gainera, barruan daukan guztia emateko beldurrik ez izatea. Beste hautagai serioa Vervecken zakur zaharra dela esango nuke. Orain aste t’erdi Roubaix-en erakutsi zuen, Munduko Kopako beste hainbat probatan bezalaxe, bere indarra baliatzeko moduan badela, eta orain arte hiru ortzadar mailot lortu izanak ere momentu garrantzitsuetan hain beharrezkoa den esperientzia eskaintzen dio. Gainerakoek Herbeheretako selekzioa ahuldu eta Boom Nys eta beste flandestarren baten aurrean bakarrik uzteko lan egin behar lukete. Sven Vanthourenhout urteko sasoirik onenean egongo da seguru asko; garaipenaren lehian egoteko moduan ez dena den, hasiera batean behintzat. Wellens-ek azkenaldian nabarmen egin du behera, eta ez dirudi gainera berarentzako moduko ingurunea topatuko duenik, iragarpenek aurrikusten duten lokatza salbu. Vantornout-i ere ez zaio unerik onenean heldu zita, eta Pauwels gizon indartsua bada ere, kostako zaio onenekin egotea.

Irabazteko moduan bizpahiru gizon bakarrik izan arren (beti ere hasiera batean), nabarmen talderik onena osatzen dute flandestarrek. Herbeherek alabaina gizon baten erreferentzia argia izatearen abantaila dute. Gainera, Al-ek Zolder-en lortutako Munduko Kopako garaipenean Boom-ek etorkizunerako ongi etor zekiokeen jarrera hartu zuen. Ikusi behar etxean korrituta bakoitzak bere burua erakusteko asmotan joaten diren, baina normalenean euren txapeldun gaztea babesten saiatu beharko lirateke.

Zdenek StybarBada ordea Nys eta Boom (eta euren selekzioen) joku psikologiko-estrategiko honi seguru asko irrikaz eta etekina atera asmoz begiratzen dionik: Stybar Albert eta Vervecken-en parean jartzeko moduko gizona da, denboraldiak aurrera egin ahala haziz joan dena, eta aintzat hartu ezean helmugan besoak altxata sar litekeena. Gainerakoen artean ez dirudi podiumean sartzeko beste mailarik dagoenik. Txekiako gizon garrantzitsuak (Simunek eta Bina batez ere) itzali xamar dabiltza azkeneko asteotan, eta Frantzia (Mourey denboraldian zehar nahi eta ezin ibili da), Italia (Fontana-k agerraldiren bat egin lezake akaso) eta Suitza hamar onenen artean gizonen bat sartzen ahaleginduko dira.

Geureei dagokienez, merezitako saria izango dute bai Javier Ruiz de Larrinaga-k zein Egoitz Murgoitio-k. Halaxe hartu beharreko lasterketa da, agian etorkizunean esker lezaketen esperientzia pilatzeko aukera ona izateaz gain. Arabarra irabazi beharreko guztiak irabazita da aurten, eta bizkaitarrak oraindik garapen handia izan dezakeen txirrindularia dela erakutsi du azkeneko lasterketatan.

Kontuak kontu eta iragarpenak iragarpen, igandean jakingo dugu denboraldia amaitzeko falta diren probatan eta datorren irailetik 2010eko urtarrilera bitarte zeinek eramango duen soinean ortzadar mailot preziatua.

Argazkiak: skynet.be / hln.be