Liège–Bastogne–Liège, inoiz baino irekiago

Liège-Bastogne-LiègeIgande honetan egutegiko klasikarik zaharrena disputatuko da Belgikako errepideetan. 1892an lehen edizioa disputatu zenetik hamaika gertakari handi jazo izan dira Liège inguruan, eta aurten ere hala izatea espero dugu denok. Ez dugu ibilbidea hemen eta orain deskubrituko, txirrinduzale orok baitaki klasika hau non eta nola erabakitzen den normalean. Dena den, azken kotak merezi du aipamentxo bat. Côte de Saint Nicolas beste behin lasterketako epaile izango delakoan nago, irabazlea bertan joaten ez bada, lasterketako selekzioa bertan egingo delako. Bai, iaz Andy Schleckek lehenago egin zuela alde pentsatuko duzue askok, baina iazko lasterketa arraro xamarra izan zen.

Nork altxatuko ditu eskuak 255,5 km-ak bete eta gero? Faboritoen zerrenda oso luzea da. Azken urteetan gazteak indar handiz agertu dira, baina horrek ez du esan nahi beteranoek atzera pausu bat eman dutenik. Cadel Evans aipatu behar lehen postuan. Munduko Txapeldunak ohore hori merezi du, are gehiago Flèche-Wallone irabazi eta gero. Dobletea egingo al du? Egia esan harritu egin ninduen aurreko eguneko bere garaipenak, aurreko astean bere elkarrizketa bat irakurri bainuen, eta bere hitzetan, ez zegoen oso indartsu, gorputzaldi optimoa Italiako Giroan izatea espero baitzuen. Arrazoi hori medio ez nuen hartu nere kinielan eta hara non…

Iazko irabazleak ere aipamentxoa merezi du. Andy Schleck faborito bezala aipatu beharra dago, noski, baina aurten ez du izango iaz izan zuen askatasunik, eta gainera oraindik topera egoteko zertxobait falta zaiola deritzot. Philippe Gilbert ere faborito argi xamarra da. Erakutsi zuen Amstelen zertarako gai den, eta asteazkenean 6º postua lortuta, helmugara buruan iritsi daitekeela pentsatzea ez litzateke erokeria bat. Alejandro Valverde eta Joaquim Rodriguez ere derrigorrean saltsan egon behar dira. Murtziarrak azken 4 urteetan bi aldiz irabazi du Liègen, eta duen abiadura puntak bere alde jokatzen du. Zentzu hortan, Gilbert izango du arerio nagusi bezala. “Purito”k ordea, Saint Nicolas profitatu beharko du aurrera egin eta tartea irekitzeko. Erakutsi du azkenaldian malda pikoetan bakarrik joateko gai dela, eta km bat %11ra nahikoa izan dezake kataluniarrak. Maila berean jarriko nuke Damiano Cunego, Ardenetako Triptikoko lasterketen artean, hauxe baita bere ezaugarrientzat egokiena. Gainera, behetik gora dihoa italiarra, gorputzaldi gero eta hobeagoa lortuz. Eta Alberto Contador? Pertsonalki, ez dut ikusten Liègeko podiumean. Ez da klasikomanoa, eta aurrekoan hirugarren egin bazuen, azken igoeraren ezaugarri bereziengatik izan zela uste dut.

Gainontzekoen taldean, Horner, Gesink, Nibali edo Kreuziger bezalako jendea aipatuko nuke, baina hauetakoren bat garaipenaren jokoan egoteak harrituko ninduke. Fränck Schleckekin duda gehiago dauzkat.

Euskaldunen artean, nola ez, Igor Anton aipatu beharko. Flèche-Wallonen lasterketa aparta egin zuen, eta irabazi ez bazuen, hein handi batean Huy-ko pareta aurkariek bezain ondo ez ezagutzeagatik izan zen. Ez zen kasualitatea izan azken metroetan buruko postuak Contadorrek eta berak galdu izana, izan ere, klasiketan ez baitaukate hainbeste esperientzia, eta beraz, ez dira hain iaioak. Igorren alde jokatzen duen faktorea bere gorputzaldi ona da. Aurka, ordea, klasikaren 255 kilometroak eta esperientzi falta. Dena den, galdakoztarra lehen hamarretan ikusteak ez ninduke batere harrituko.

Beraz, oraingo honetan ez naiz bustiko, ez bainaiz pronostiko bat egiten ausartzen. Faborito asko eta parekotasun handia egonik, Julenek errazena egingo du, Ubedako muino ezagun horietatik joanda eperra zorabiatu, alegia.