Tropela.net-ek euskara sustatzeko webgunerik onenaren Buber saria jaso du

Tropela.net-ek 2009ko Buber Sarietan irabazitako garaikurraGaur Euskararen Nazioarteko eguna izanik, sari honek esanahi bereziagoa du Tropela Elkarteko kideontzat. Gure webgunea, Tropela.net, euskara sustatzeko webgunerik onenaren atalean finalisten artean zen. Gaur arratsaldeko Buber sari banaketa ekitaldian 3 finalisten artean garailea zein izango zen egin behar zuten publiko eta Tropela.net izan da epaimahaik aukeratu duena.

Tropela Elkartea sortu genuenetik euskara teknologia berrietan bultzatzea genuen helburu. Horretarako aisialdia eta txirrindularitza uztartzen genuen webgunea sortu genuen 2005ean. Urtetik urtera hobetzen eta egokitzen joan gara webgunea dugun jarraipena dela eta. Era berean, gero eta gehiago zarete webgunean parte hartzen duzuenak urteak aurrera joan ahala eta horrek interneten euskararen erabilpena indartzen du. Horren guztiaren isla izan da gaur jaso berri dugun sari hau. Beraz, laguntzaile, jarraitzaile eta parte hartzaile zareten guztioi gure eskerrik beroena, sari hau guztiona baita. Zorionak guztioi!!

Garaikurra

Plazer bat izan da garaikur hau Jose Maria Muñoa (Eusko Ikaskuntzako presidentea) jaunaren eskutik jaso izana, berak gogora ekarri digun bezala, bereziki Euskararen Nazioarteko egun honetan. Gustura jaso dugu saria, baina garaikurra begiratzen aritu garenean zerbait lekuz kanpo balego bezala jabetu gara. Zuk antzeman al duzu?