Emakumeen Bira Tropelan izango da

Lehenik eta behin inkestan parte hartu duzuen guztioi erantzunak bidali izana eskertu nahi dizuegu, eta baita iruzkinak bidali dizkiguzuenoi ere. Zuen iritzia jakin nahi genuen eta eman diguzuen erantzuna –373 erantzun– oso positiboki baloratzen dugu.

Inkestaren postean agertzen genuen moduan, iaz emakumezkoen eliteko lasterketak gehitu genituen Tropelan eta bide horri jarraitu nahi diogu. Buruan genuen denboraldi hasieran Emakumeen Bira gure egutegian gehitzea, baina arrazoi teknikoak tarteko, aurreko astera arte ezin izan genuen ziurtatu. Arazo teknikoak gaindituta, denboraldian murgilduta gaudenez, aldaketa hau gauzatu aurretik zuen iritzia jakin nahi genuen. Emaitzak ikusita -postaren amaieran dituzue ikusgai – konfiantza gehiagorekin ekingo diogu aurrera eta dagoeneko Emakumeen Birako kiniela prestatzen ari gara buru belarri, Dauphiné Kriteriuma ahaztu gabe, noski!

Honenbestez, Tropelaren historian lehen aldiz, emakumeen proba batekin soilik antolatutako lehen lehiaketa izango dugu Tropelan: Emakumeen Bira 2013. Eta ondorioz, Euskal Herrian jokatzen diren eliteko 3 lasterketa izango dira aurtengo denboraldian Tropelan: Euskal Herriko Itzulia (apirilean jokatu zena), Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Kontuan izan Emakumeen Bira, datorren astean, ekainaren 6 eta 9 bitartean jokatuko dela, eta Dauphiné Kriteriumeko azken lau etapekin batera jokatuko dela.

Zuek eskatu bezala, gure aldetik, bai blogaren bidez eta baita podcasten bidez ere ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara.

Eskerrik asko zuen babesagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi. Jarraitu txirrindularitzaz gozatzen!