Gaur hasi da 2007ko Italiako Giroa. Azkenean 2832 kide izan gara kiniela egin dugunok, iaz baino kide gehiago. Zorionak guztioi!
Lehen etapa taldekako erlojupekoa izan da. Nagusi Liquigas taldea izan da pronostiko guztien aurka eta Euskaltel taldea azken postuan sailkatu da. Bagenekien talde apala zeramala talde euskaldunak eta inoiz ez dela izan taldekako erlojupeko etapetan nabarmendua, ez eta ere bere garairik onenetan ere. Ni behintzat ez nau harritu.
Gogoratu taldekako erlojupeko etapak Tropeleko lehiaketetan ez direla puntuagarri, beraz, ez larritu punturik batu ez baduzue gaurko etapan! Hori bai, bihartik aurrera komeni da puntuak batzen hastea Atxaspi Hoteleko asteburu hori irabazi nahi baduzue.
Faboritoei dagokionez, Di Luca dugu aurreneko postuetan, 13 segundotara Savoldelli, 42ra Cunego eta minutu t’erdira Simoni, Iban Mayoren taldekidea. Saunier Duval-Prodir taldea ez da fin ibili gaurko erlojupekoan. Ikusiko dugu hurrengo etapetan zenbaterainoko eragina izango duen faboritoen artean gaurko etapak.


Oraindik ez dago argi zein txirrindulari izango diren datorren astelehenean Urretxuko irteeran. Ez da lan erraza izaten zerrenda definitiboa lasterketa hasi aurretik jakitea. Hori dela eta, berri hau jartzea erabaki dugu. Honela, denon artean Tropela lehiaketako zerrendatik nork huts egingo duen adierazten joan gaitezke elkarri.
Udaberriarekin batera badator Euskal Herrian jokatu ohi den lasterketarik esanguratsuena (Donostiako Kalsikoarekin batera). Aurten Pazkoa astean jokatuko dute (apirilaren 9tik 14ra) eta iaz bezala 6 etapa izango ditu Itzuliak, Urretxun hasi eta Oiartzunen bukatuz. Iaz 2 sektoreko etapa guztiak debekatu egin zituzten eta ondorioz Itzulia 6 egunera luzatu zen. Azken urteetan erlojupeko batekin amaitzen da Itzulia. Iazkoan gainera erabakigarria gertatu zen, ustekabean Gomez Marchantek erlojupekoa irabazi eta txapela jantzi baitzuen. Aurten ere badirudi azken eguneko erlojupekoak zeresan handia izango duela azken emaitzan. Ikusiko dugu.