2022ko Itzulia Washingtonetik abiatuko da [inozentada]

Aspaldidanik ari ziren RCS Sportekoak, Italiako Giroa arduratzen duen enpresakoak, Giroren baten abiagune Washington hiria izateko lanetan. Ez Giroa, ez Vuelta ezta Tourra ere ez dira amerikar kontinentetik lasterketa bat abiatzeko gauza izan. “Gu, ordea, bai!” aipatzen zigun Julian Eraso Itzuliaren arduradun nagusiak harrotasunez. “Aspalditik genuen geuk ere horrelako zerbait egiteko gogoa, eta pandemiarekin aurreztu genuen diruaz baliatuz, momentua orain zela erabaki genuen”.

Bi zailtasun nagusi izan dituztela aipatzen zigun, hizkuntzarenaz gain. “Prentsa arduradunak ez daki euskaraz, baina gazteleraz oso ondo, eta ingelesez ere moldatuko zela Google Translator edo ez dakit zein interneteko zerbitzuren bat erabiliz. Horrela, azken teknologiak erabilita, eta noski, zenbait bazkari oparoren laguntzaz, akordioa ixteko gai izan gara” kontatzen zigun presidenteak. Bi zailtasun horiek zein ziren galdetzerakoan “pandemia eta desplazamenduak” izan direla aitortzen zigun.

Pandemiari dagokionez, Estatu Batuetan txertatzearekin gogor jarriko zirela ikusita eta bi etapak Washingtonen bertan izango zirela baieztatuta, bata erlojuaren kontrako saioa eta bestea esprintean amaitzea espero den errepidekoa, nolabait “lasterketa isolatuta” mantentzeko aukera ikusten zutela. Hori bai, txirrindulari zein langile guztien Covid pasaportea izan beharko dutela eta testak egunero egin beharko direnaren konpromezua hartu behar izan dutela. “Behin Euskadira etorritakoan uneoro maskara jantzita nahikoa bistan geratu den moduan” zioen.

Desplazamendurako, aldiz, hegazkin bat jarriko dute zuzenean Washingtonetik Bilbora. “Iberiakoekin jarri gintuzten harremanetan eta segituan adostu zuen hegaldiarena Riañok – lasterketaren zuzendariak – inongo itzultzaileren beharrik gabe!” azaltzen zigun algara artean. Iberiak aspaldidanik omen zuen Itzuliaren babesle izateko asmoa eta akordio honetan zehaztu dutenaren arabera, babesletza bidaiaren trukean izango litzateke. “Ea ba oraingo honetan kartelak egiterakoan ez garen logotipoz nahasten Sabadell bankuarekin jazo zitzaigun moduan” aitortzen zigun babesle berriak lortzerakoan sortzen zaizkien zailtasunak azaleratuz.

“Egun bat behar da bidaia egiteko, beraz, egun horretan Itzulia Women ospatuko da. Hori asteazkenean izango litzateke, apirilaren 6an. Eta bai, zoritxarrez egun bakarrekoa egin beharko dugu 2022an ditugun gaitasun mugak kontutan hartuta” aitortzen zuen Erasok. Maiatzaren 13tik 15era zegoen aurreikusita 2021an bertan behera geratu zen lasterketa. Oraingo honetan mantenduko bada ere, gizonezko zein emakumezkoan uztartze aldera eta aipatutako mugak kontutan izanda, apirileko lehen astean biltzea erabaki du antolakuntzak. “Ziur gaude erabakirik zuzenean izango dela eta zaleek ikuskizuna bermatuta izango dutela mundu mailan erreferente izango den lasterketa honetan” amaitzen zuen Erasok elkarrizketa.

Honenbestez, horrela geratuko litzateke 2022ko Itzulia bi generoak kontutan hartuta:

  • Apirilak 5. Itzulia 2022ko lehen etapa. Washington-Washington, 187kmtako etapa
  • Apirilak 6. Itzulia 2022ko bigarren etapa. Washington-Washington, 15,6kmtako erlojuaren kontrako bakarkako saioa
  • Apirilak 7. Itzulia Women 2022 lasterketa. Egun bakarreko lasterketa. Oraindik ez dute zehaztuta zein ibilbide izango duen baina Bilbon amaitzeko asmotan direla aurreratu digute. Egun honetan gizonezkoek Estatu Batuetatik Bilborako bidea egingo dute
  • Apirilak 8. Itzulia 2022ko hirugarren etapa. Zehazteko dagoen etapa
  • Apirilak 9. Itzulia 2022ko laugarren etapa. Arraten amaituko da etapa hau
  • Apirilak 10. Itzulia 2022ko bosgarren etapa. Bilbon amaituko den etapa

#533 Tropela.eus podcastak: 15ero 7. saioa. Oier Ibarguren, Amaia Martioda eta Iosune Murillo

Oier Ibarguren (CJR), Amaia Martioda (EKP) eta Iosune Murillo (EKP)

Balda gainean utzita bagenuen ere, Tropelaren 15ero saio berri honetan, Imanol Lluciak (@imanolllucia) hain ezagunak ez diren pertsonak elkarrizketatu ditu: Oier Ibarguren, Cajar Rural taldeko txirrindularia izan dena denboraldi honetan, eta Amaia Martioda eta Iosune Murillo, Kern Pharma taldeko lan-taldekoak. Seguru interesgarri suertatzen zaizula!

#532 Tropela.eus podcastak: 2021eko Paris-Roubaix

Harbideetako infernua asteburu honetan jokatuko da

Asteburu honetan Paris-Roubaixekin hitzordua dugu, gainera historian lehen aldiz hitzordu bikoitza. Igandean ohi moduan gizonezkoen lasterketa jokatuko da, baina esan bezala, lehen aldiz, larunbatean emakumezkoen Paris-Roubaix izango da.

Igandekoari begira, Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast hau grabatu dute batez ere Tropelako kinielan oinarrituta. Ea lagungarri zaizuen!

#531 Tropela.eus podcastak: 2021eko Munduko Txapelketak

Igande honetan abiatuko dira Munduko Txapelketak Flandrian

Flandrian jokatuko dira 2021eko Munduko Txapelketak. Igande honetan abiatuko direla kontutan izanda, Iban Perez (@piban), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) podcast honetan bildu dira gizonezkoen lasterketak eta kinielak errepasatzeko. Seguru zuen kinielak prestatzeko lagungarri egiten zaizuela. Zorte on!

#530 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 21. etapa

Roglicek (TJV) nagusitasun handiz eskuratu du 2021eko Vuelta

Espero bezala, gaurkoan etapa garaipena eta horrenbestez 2021eko Vuelta Roglicek (TVJ) eraman ditu. Beste behin etapa garaipena kendu dio eslovakiarrak Corti (EFN) gaur bigarren denborarik onena lortu duen txirrindulari eta Vueltako protagonistetako bati. Horrenbestez, Roglicek beste Vuelta bat poltsikoratu du Mas (MOV) eta Haigen (TBV) aurretik. Ineoseko lehena Yates (IGD) izan da eta podiumeko atarian geratu da ez baita gauza izan Haigekiko zuen minutuko atzerapena berreskuratzeko gaurko saioan. Gazterik onena Mäder (TBV) izan da, mendiko saria Storerrek (DSM) eraman du eta erregulartasunarena Jakobsenek (DQT). Taldekakoan, errepidean erakutsi moduan, Bahrainek eraman du. Euskaldunik onena Ion Izagirre (APT) izan da.

Gaurko etapak emandakoak eta Tropelan jasotako puntuei errepasoa ematen die Egoitz Lizasok (@elizaso) Vuelta honetako azken podcast honetan.