Euskaltel-Euskadi itxura ona eman nahian

2010eko EH Itzuliko 3. etapaZalantzarik gabe astelehenean Samuel Sanchezen errendimendu baxuak talde laranjaren plan guztiak hankaz gora jarri zituen. Gauza jakina da dagoeneko. Baina badirudi asturiarra sailkapen nagusitik kanpo geratu izanaren itxura txarra hobetzeko edozer egiteko prest direla Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, niri behintzat inpresio hori ematen dit.

Atzokoan Amets Txurruka Rogers eta Benitezekin sartu zen ihesaldian ezinezkoa izango zen etapa garaipenaren lehian. Gaurkoan bi txirrindulari sartu dituzte ia-ia garaipenaren lehian izan den ihesaldian, Alan Perez eta Egoi Martinez. Ihesaldian iritsiko baziren ere, ez zait iruditzen Albasini eta gainontzekoen artean etapa lehiatzeko moduan izango zirenik.

Garbi dago Euskaltel-Euskadiren estrategia: sailkapen nagusia galdu dugu (Beñat Intxausti podiumean sartzeko gai ez denaren ustea dutela dirudi) eta etapa garaipen bat behar dugu bai ala bai. Hori gertatzen da taldearen itxura pertsona bakar baten eskuetan utzi eta gauzak nahi bezala joaten ez direnean. Datozen etapak ikusita, ordea, talde laranjarentzat etapa garaipena oso garesti dagoela deritzot.

Gaurko etapari dagokionez, Alan Perez eta Egoi Martinezen lan bikainaz gain, Iban Mayozena ere txalotu nahiko nuke.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.