Aurtengo Tourrean, uztailaren 18an zehazki, txirrindularitza modernoaren erakustaldirik harrigarrienetako baten 25. urteurrena beteko da: Claudio Chiappucci italiarrak Sestriereko helmugara bidean eman zuenarena, alegia. Ez zen edonolako erakustaldia izan: egundoko ihesaldia, historiara pasatzen diren horietakoak, 25 urteren ondoren ere oroitzeko aitzakia ematen dutenak.

Chiappucci 1

Jende ausarta behar izaten da horretarako: irabazteko asko dagoenean, eta indarrak alde badira, inork gutxik egingo du zalantza; baina galtzeko asko ere egoten da horrelakoetan, eta orduan denek egiten dute zalantza. Galdu dezakezun guztiari beldurra kentzea eta irabazi dezakezun guztiaren bila irtetea, horixe da ausardia.

Eta halaxe jokatu zuen Deabruak 1992ko Tourrean, Donostiatik irtendako edizio hartan. Ordurako bazen nor lonbardiarra: 1990eko Tourrean bigarren geratu zen, azken-aurreko etapara arte lider joan ostean. 1991ko Tourrean hirugarren izan zen, eta Indurainek lortutako lehen maillot horiaren lekuko bakarra ere izan zen Val Lourongo etapan. 1992ko uztailaren 18an, beraz, ez zen inolaz ere ezezaguna. Eta, hala ere, 254 kilometroko etapa izugarri hartan, hasieratik dena ematea erabaki zuen, eta bitxiagoa dena: gainerako faboritoek utzi egin zioten, jokaldia arriskutsua izan zitekeela jakin arren, baina erokeria hura ondo amaituko zenik sinetsi gabe. Sailkapen nagusian zazpigarren joanda (Pascal Lino liderrarengandik ia 5 minutura), 50. kilometroaren inguruan egin zuen ihes, beste zenbaitekin batera, oraindik 200 kilometro falta zirenean.

Aurretik, edonor apaltzeko moduko ibilbidea, bost mendaterekin: Saisies, Cormet de Roselend, Iseran (Alpeetan errepidez alde batetik bestera zeharkatu daitekeen mendaterik altuena, 2.770 metrorekin), Mont Cenis eta Sestriere, inoizko desnibelik handienarekin: 6.500 metro, astakeria galanta.

Chiappucci 5

Baina Uboldon jaiotako txirrindulariak handia egin nahi zuen egun hartan, helmuga Italian zegoelako eta bazekielako huraxe zela etapa aproposa min egiteko, Pirinioak ukitu ere egin ez zituen eta mendi guztia Alpeetan pilatuta zeukan Tour hartan. Detaile esanguratsu bat: etapa hartan, Chiappucci zen kaskoa zeraman bakarrenetakoa (akaso bakarra ere bai) tropel osoan. Bazekien une arriskutsuak bizi beharko zituela eta ziztu batean jaitsi beharko zituela mendateak. Bazekien huraxe zela eguna.

Mendate guztiak lehen postuan igaro zituen, baina Iseran erraldoian hasi zen balentria osatzen: hantxe utzi zituen iheskideak atzean, artean 125 kilometro falta zirenean helmugarako. Zoramena zen, zentzugabekeria hutsa: aurreko bi egunak ere 250 kilometrotik gorako etapa menditsuak izan ziren, eta orain hau? Ez zen inoren buruan kabitzen.

Ba ez zen kabituko, baina aldea gero eta handiagoa zen: Iserango pankartapean, 3:44 eta gainerako faboritoei, eta, hurrengo jaitsiera amaitzean, are gehiago handitu zen tartea: 4 minutu. Oraindik 80 kilometro inguru falta ziren. Bazegoen astia zoro hura harrapatzeko.

Mont Cenis igotzen hasterakoan, Gatorade taldeak Bugnoren erasoa prestatu zuen, eta harekin batera joan zen Indurain ere, biak dotore bizikleta gainean, aldaparik ez balego bezala eraginez pedalei, atarrabiarra batez ere. Mendate-tontorrean, aldea pixkatxo bat murriztu zuten, baina segundo gutxi batzuk besterik ez. Jaitsieran, Andy Hampsten eta Franco Vona elkartu zitzaizkien, eta halaxe heldu ziren Sestriere mendiaren magalera, Indurain beti taldearen buruan, berdin beheraka zein ordekan, beti indartsu eta beti segurtasuna erakutsiz.

Deabruak azken jaitsierarekin batera kendu zuen kaskoa, eta Sestriere igotzeari ekin zion. Mendatearen hasieran, oraindik 15 kilometro baino gehiagoren faltan, 1:47ko aldea zuen, ordekan ia beste horrenbeste galdu ostean. Zer gertatuko ote zen, zalantza gutxi: atzekoak Concordearen abiaduran zetozen, Sestriere mendate etzana da, eta 15 kilometro mundu oso bat da. Baina 1992ko telebistako erretransmisioak ez ziren gaur egungoak, eta zaleok tantaka jasotzen genituen denbora-erreferentziak, gure azazkalen kalterako. Ezin jakin zer gertatuko zen: Chiappucciren estiloa baldarra zen oso, Indurainena ezin finagoa; soilik irudiei erreparatuta, argi zegoen nafarrak patatekin jango zuela lonbardiarra, baina denbora-erreferentziak falta ziren, eta, heltzen zirenean, patatei buruzko ziurtasun hori ez zen hain argi geratzen.

Halako batean, 10 kilometroren faltan, Franco Vonak erasoa jo zuen atzeko taldetxoan. Bugno eta Hampsten ezinean. Indurain izan zen Vonarekin batera aurrera jarraitzeko gai izan zen bakarra. Eta nola jarraitu, gainera: sekulako planta, sekulako indarra, pedalkada biribilaren eredu argia. Aldiz, Chiappucciren irudiek ez zuten ezer onik iradokitzen: bizikleta asko mugitzen zuen, aldagailuarekin ezin asmatuta zebilen, sorbaldak dantzatzen zituen, burua makurtzen zuen… baina, hara non, erreferentzia bat: aldea 1:42koa zen. Beraz, Deabruak itxura eskasa izan arren, gauzek ia berdin jarraitzen zuten.

Telebistak ez zuen beste erreferentziarik eman beste 5 kilometro igaro arte. Arin esaten da, gero! Ordurako oinetako azazkalak merendatzen ere hasi ginen. Hain zuzen ere, helmugarako 5 kilometro geratzen zirela jartzen zuen pankartapean hartutako erreferentzia zen, 1:24koa. Baldartasuna vs dotorezia, bai: baina azken 10 kilometroetan 23 segundo baino ez zizkioten kendu Chiappucciri.

Eta hantxe, azken 5 kilometroetan sartuta, Indurainek bere erritmo gogorrari eutsi zion, piñoiren bat ere jaitsi zuen, eta Vona atzean geratu zen. Hantxe zihoan Atarrabiakoa, aurrekoaren ehizan, arrabolean ariko balitz bezain fresko eta sendo, beldurra emateko moduan, aurpegian keinurik txikiena ere egin gabe.

4 kilometroko pankartapean, beste erreferentzia bat: 1:00. Kilometro bakarrean 24 segundo jan zizkion, azken 10 kilometroetan baino gehiago. Chiappuccik gorputz osoarekin indarka jarraitzen zuen tifosien zoramenaren erdian, Indurain aise zihoan, laster harrapatu behar zuen.

Baina beste erreferentzia bat: 3 kilometroko pankartapean, 0:58. Zerbait gertatu zen hor: azken kilometroan, bi segundo besterik ez?

Eta bat-batean, kamerak Indurain utzi eta Chiappucci enfokatzera doazenean, une labur baina dramatiko batez, ikusten da nafarrak burua makurtzen duela, heldulekurantz jaisten duela begirada, ordura arte guztiz akoplatuta egon ostean. Mont Ceniseko kontraerasoa, Mont Ceniseko jaitsiera, ordeka, eta Sestriereko aurreneko kilometroak: guztira 60 kilometrotik gora egin zituen Indurainek inongo pitzadurarik erakutsi gabe, beti posizio berean, perfekzioaren definizioa idatziz. Eta 60 kilometro horietan ikusi ez zena, 3 kilometroren faltan sumatu zen lehen aldiz: Indurainek burua makurtu zuen.

Berriz ere Chiappucci agertu zen pantailan. Eta handik denbora batera, kamerek berriz ere nafarra enfokatu zutenean, beste Indurain bat genuen begien aurrean: pedalkada freskorik gabe, tente baina etsita, ezinean: sekulako txakalaldia.

Chiappucci 2

2 kilometroko pankartapean, 1:03. Kilometro bateko pankartapean, 1:22. Helmugan, 1:45 atera zizkion Chiappuccik Induraini. Ez hori bakarrik: azken kilometroan Vonak ere aurreratu zuen.

7 ordu eta 44 minutu egin zituen Chiappuccik bizikleta gainean, horietatik ia 4 ordu bakardade hutsean, baldin eta bakardadetzat jo badaiteke Sestriereko maldetan pilatu ziren milaka eta milaka zaleen artean aritzea. Ia 8 ordu, beraz, eta 200 kilometroko ihesaldia, garaipenarekin errematatutakoa. Historiara pasatzeko nahikoa arrazoi da hori, baina, gainera, Tour hartako sailkapen nagusian bigarren amaitu zuen italiarrak: bigarren, Indurainen atzetik. Alegia: irabazlea izan balitz bezala.

Gero, denborarekin, beste kontu batzuk jakingo ziren: EPOaren garairik ilunenak etorri ziren, txirrindularien medikuak nortzuk ziren jakin genuen, eta dena susmopean begiratzeari ekin genion: aurrerantzeko guztia, baina baita iraganeko zenbait balentria ere. Chiappuccik ere izan zuen bere iragana eta etorkizuna, zer egingo diogu. Baina berdin dio: azazkalak berriz ere hazi zitzaizkigun eta ez genituen gehiago jan, dieta orekatuagoak aukeratu genituen, ez genituen ipuin guztiak sinistu… baina bost axola: ipuin guztiak sinistu gabe ere, ipuin guztiekin gozatzen jarraitzen dugu. Guztiekin.