Mathieu Van der PoelArtikulu askoren protagonista bilakatu da Mathieu Van der Poel gazte herbeheretarra. Lokatzetan lorturiko lorpenei esker maiz aipatu izan da. Hain zuzen ere, 2015ean munduko txapelduna izan zen ziklo-krosean, eta aurretik lorpen bera izan zuen junior mailan (2012 eta 2013an). Hori gutxi balitz, 2013an ere errepideko munduko txapelketa irabazi zuen, hau ere junior mailan.

22 urte izateko palmares esanguratsua du Van der Poelek. Bereziki, sasoi honetan errepidean izandako garaipenek eragin dute bere abilezia azpimarratzera. Belgikako itzulian etapa bat irabazi zuen, esprintean Gilbert beteranoa gaindituta. Berriki, ordea, Frantziako Boucles de la Mayenne itzuliko sailkapen nagusia eta bi etapa eskuratu ditu.

Etorkizun handiko txirrindularia izango dela diote aipatu artikulu horiek. Baliteke horrela izatea, erakutsi duen mailagatik. Lokatzetan, errepidean eta baita MTB modalitatean ere. Alemaniako Albstadt hirian lehiatutako Munduko MTB Kopan, bigarren sailkatu zen Nino Schurter suitzarraren atzetik. Sei aldiz izan da Munduko Txapelduna.

Van der Poeli familiatik datorkio txirrindularitza. Zaletasuna, nortasuna eta ondarea. Raymond Poulidor handiaren biloba ez ezik, Adrie Van der Poelen semea da. Aita ziklo-kros txapelduna izan zen, eta Frantziako Tourrean bi etapa irabazi zituen.

Ziklo-kros denboraldian ondo baino hobeto moldatu ondoren (Superprestige txapelketan zazpi garaipen eta sailkapena, esaterako), errepiderako erregaia duela erakutsi du. Beonbank-Coredon taldearekin ari da denboraldia egiten, eta datorren sasoirako kontratua badu ere, ez litzateke harrigarria izango talde handiago batek fitxatzea.

Van der Poel gora eta behera, Wout Van Aert gazte belgikarra ezin da aipatu gabe utzi. Ziklo-kros denboraldia bukatuta, errepidean dabil Verandas Willems-Credan taldearekin. Van der Poelek Gilbert garaitu zuen egunean, hirugarren sailkatu zen.

Peter Sagan, Zdenek Stybar eta Lars Boom gisako txirrindulariek errepideari eman dioten bizigarritasunari segida eman ahal dioten ziklistak dira Van der Poel eta Van Aert. Horrela izan bedi.