Caja Rural, heldutasunaren bila

Urteko zita garrantzitsuena den Frantziako Tourra amaitu eta 7 egun pasa ez direnean Donostiako Klasikoa datorkigu gure lurretara. Azken 3-4 urtetan frantziar lasterketaren ondorenean izatea otu zitzaion antolakuntzari eta benetan ideia ona izan dela ezin ukatu. Era honetan, punta-puntako txirrindulariak Tourreko sasoi puntua aprobetxatuz gerturatzen baitira Donostiara. Era honetan, Frantzian distira berezia izan duten Valverde (bere biziko 3. postua), Rodríquez (2 etapa) eta etapa garaipena lortutako Bardet, Pinot edo eta Van Avermaet ere gipuzkoar lurraldean izango dira hankak astintzen.

Movistar taldeko Valverde da hautagai nagusia, zalantzarik gabe. Begi guztiak dira bere gainean, eta honek asko zailduko dio orain urte bete lortutako garaipena errepikatzea. Oso zaila baita hautagai nagusia izanik egun bateko probetan garaipena lortzea, nahiz eta aurten behin baino gehiagotan (FW, LBL) ere zailtasun honi aurre egin dion murtziarrak. Rodríguez kataluniarra izango da arerio nagusia, Moreno eta Spilak bezelako gizonez osatutako talde indartsu batekin. Beharbada Valverdek ezingo du halakorik esan, ordea…

Azken egunetan jakin dugu orain arte bere taldekide izan diren Beñat Intxausti eta Gorka Izagirre 2016an Sky talde ahalguztidunean izango direla. 2015 honetan izugarri dabiltzan bi taldekide dira, baina Movistarrek Klasikoan ez plazaratzea erabaki du “mendeku” moduan, Tourrean gailendu ezinik ibili den talde britainiarraren jokaldiari jarraiki. Euskal partaidetza hanka motz geratu da, beraz. Iaz oso maila ona eman zuen Mikel Nieve ere ez da izango hasieran. Haimar Zubeldiak ere kale bere Tour eskasaren ondoren. Arraroagoa Jonathan Castroviejorena, hau ere at, Grande Blouce paregabea berea, lehen euskalduna izan delarik. Mailarik goreneko txirrindularietan (niretzat denak baitira goi mailakoak) Mikel Landa arabarra izango da soilik, bere biziko Giroa egin ostean ea zer nolako maila emateko gai den Espainiako Vueltan zentratutako prestakuntzan. Inkognita bat dela esan daiteke.

Inkognita ez direnak, aldiz, Caja Rural talde nafarrekoak dira. Inoiz baino garaipen gehiago lortu dituzte aurtengoan. Ez soilik estatuko lasterketetan, baita atzerrian ere, eta txirrindulari frankok gainera: Peio Bilbao, Barbero, Mas… Hauek ere Vueltara begira, oso gertutik jarraitu beharreko gurpilak izango dira, aurreko urtetako ihesaldietara mugatuko ez direnak gainera. Orain aste bete Ordiziako Klasikako emaitzei so, Madrazo garaile eta Amets Txurruka  hirugarren, sasoi puntu ezin hobean dauden erakusle, bere biziko aukera dauka talde nafarrak handi egiteko. Polita litzateke, azken egunetan Movistar-Sky aferagatik umezurtz geratu den Klasikoan beste umetxo baten heldutasunaren lehen printzak ikustea. Zergatik ez?

 

Argazkiak: gettyimages.com, ciclo21.com