Wiggins, orduko errekor iraunkor baten bila

wiggins-lee-valley-velopark-getty-images-sport

Orduko errekorren denboraldia izaten ari da. 2014an UCIk arauak (berriz) aldatu zituenetik, saiakerak han eta hemen ugaldu dira. Denbora batez, UCIk ez zuen bizikletetan aldakuntzarik onartu, eta orduko errekorra antzinako ohitura bilakatu zen. Iaz, egindakoaz damu edo bultzada bat eman nahian, hori deuseztatu eta moldaketak onartu zituen berriro. Bidean, errekor ofizialen eta “giza ahalegin handien” artean geratu dira hainbat saiakera, galduta. Batek daki nola sailkatu UCIren kapritxo historikoen zerrendan.

Voigtek hasi zuen errekorren historia berria, 51,115 kilometrokoa jarriz. Brandle eta Dennis ere aritu dira, Dowsettek 52,937koa ezarri zuen arte, maiatzaren 2an. Bitartean, UCIren aldaketak aprobetxatuta, markek bizikleta eta osagarri berriak aurkeztu dituzte. Talde ezberdinetakoak dira txirrindulariak, baita erabili dituzten bizikletak ere. Orduko errekorraren plaza kirolariena al da, ala berritasun teknologikoen erakusleihoa?

Wigginsen txanda izango da igandean. Dowsetten tartea handituko du Londresko Olinpiar Belodromoan, baina benetako helburua luzarorako zenbaki bat uztea da. Detaile txikienak ere garrantzi erraldoia dauka. Lee Valley VeloPark delakoak aukera ematen du tenperatura eta hezetasuna arazorik gabe kontrolatzeko. Izan ere, Wigginsek aldagai bat du buruan: “presio atmosferikoa dena da”. Ekuatorera joan zitekeen presio atmosferiko baxuaren bila, baina ez lituzke Londres izango dituen baliabideak izango. Babesle guztiek ere Londres nahiko dute, orduko errekorra Erresuma Batuan kapitalizatzeko. Ez dugu hau dena egite hutsagatik egiten, jakina. Aurreikuspen meteorologikoek presio baxua espero dute, gehiago ibiltzeko aproposa dena. Igandean 1034 milibar izango omen dira Ingalaterrako hiriburuan.

lee-valley-velopark-wikipedia

Noski, txirrindulariaren abilidadea dator gero, eta aurrerapen teknologikoek ala belodromoak berak hura baldintzatu dezaketen arren, berebiziko garrantzia du. Eta horretan, maisua da Wiggins. Pistako eskarmentu eta trebetasun guztiez baliatuko da errekorra hausteko eta, batez ere, distantzia iraunkor bat ezartzeko. Boardmanen errekor ez ofiziala, hau da, 56,375 kilometrokoa, du begiz jota. Bide hertsitik ez irteteko kontzentrazioa, indarrari eustea eta erritmoa mantentzea, “itzuliz itzuli”. Osagaiak badakizki ondo Wigginsek, eta ondo nahasten ere bai. Bizarra ere ekarriko du igandean?