Sufritu ez, gozatu

quintanaKolonbian kezkatuta omen daude. Ez dakite futbol selekzioko izarrak, Falcaok, Brasilgo Munduko Txapelketarako osatuko den. Dena dela, sufritu baino, herrialdeak gozatu beharko luke, izan ere, bere txirrindulariak bikain ari dira Italiako Giroan. Uranek erlojuz kontrako etapa irabazi zuen eta lider da. Horrekin nahikoa ez eta Uranen aurkari nagusienetakoa -nagusia ez bada- Quintana herrikidea da. Gainera, beste txirrindulari batzuek, Pantanok eta Duartek kasu, etapa irabazteko lehian zutoina jo dute azken egunetan eta Arredondo ere ez dago kieto. Mendiko sailkapena lehiatzen ari da eta ustekaberik ezean, borrokalari peto izanik, bere horretan jarraituko du azken etapetan.

Giroko bigarren astea nola joan den kontuan hartuta, maglia arrosa lehenengo aldiz Kolonbiara joango delakoan nago. Ez dakit Uranek eutsiko dion ala Quintanak jantziko duen, baina bi kakalardoak iruditzen zaizkit proba irabazteko bi hautagaiak. Uran ondo ibili da Montecampionen, baina Quintanak sua pizten duenean, erne… Sasoi betean egon ez arren, segundo batzuk kendu dizkio Urani alpeetan. Azken astean ez da giro izango. Lau etapak eragingo dizkiete buruhausteak txirrindulariei. Asteleheneko atseden egunaren ostean, Val Martelloko etapa beldurgarria hasteko: Gavia, Stelvio eta Val Martello bera. Sekulako betekada, benetan. Ostegunean, Panarottak tropela ederki sakabanatuko du. Ostiralean, kronoigoera, eta larunbateko suziria ez da makala: Zoncolan beldurgarria.

Historikoa litzateke bi kolonbiar azken podiumera igotzea. Izan ere, 80ko hamarkadan, Herrera eta Parraren garaian, batak zein besteak zapaldu zuten itzuli handietako podiuma -Tourreko hirugarren koska Parrak eta Vueltako lehena Luchok-, baina ez elkarrekin. Marka hori apurtu dezakete Uranek eta Quintanak aurten. Kolonbian badute disfrutatzeko motiborik telebista edo Internet piztean edo Kolonbiako irrati esatari xelebreak entzutean. Eta guk, zergatik ez, inbidia izateko arrazoirik ere badugu.