Bertsolari txapelketan ere txirrindularitza hizpide

Ostiralean elkarteko zenbait kide afaltzeko hitzartuak ginen Ipintza sagardotegian. Jakingo duzuen moduan Ipintza gure babesleetako bat da eta hori da arrazoi nagusia bertan biltzeko jaki, sagardo eta giro paregabeaz gain.

Agin Laburu bertsolaria da Ipintza sagardotegiko arduraduna eta zalantzarik gabe Tropelaren jarraitzailerik leialenetakoa. Zorionez ostiraleko elkarretaratzean Agin bera ere gurekin izan genuen. Ez dakigu ostiraleko afariak zenbateraino baldintzatuko zuen, baina atzo Maule-Laxterren jokatu zen bertsolari txapelketa nagusiko finalaurreko kartzelako gaian -“Nehork ez zuen espero baina lortu egin duzu”- Agin txirrindulari profesional bilakatu zen eta ondorengo bertso hauek abestu zituen:

Nere logela apaintzen dute
Armstrongen zazpi argazkik
eta menuan ez zait falta hoi
ez oilasko ta ez pastik.
Zuzendariak ere hotelean
mila kontseju dakarzkit
ez det sakatzen balaztik
saihesteko arrakastik.
Zuzendariak kotxetik dio:
’Denak atzian ziaztik.’
Nik ere e’ nun espero, baina
indarrak etorri zaizkit.

Txirrindulari izan nahi nuen
hori zan nere patua
baino garesti dago etapa
luze madarikatua.
Askok uste zun egittia gaur
ein detenan kontrakua
baino bete det tratua
nahiz egon nekatua.
Zuzendariyak amenazua
ein ezkero pekatua
baino lortu etapa eta
urtetako kontratua.

Gaur urte batzuk egin nuen nik
tranpa edo aberia
talde barruan sortaraziaz
sekulako isteria
baino ni beti izan naizenez
maltzurra ta azeria
dopinaren miseria
nuen ezin liseria.
Orain, ordea, ikusiko nun
pozik hori da egia
nere karrera gezur bat zala
ziotenen aurpegia.

Txapelketa zertxobait jarraitu baduzue jakingo duzue Agin makuluen laguntzaz dabilela bizikletan eroriko bat izan eta zauritu ostean. Ez du, ordea, erorikoak bere txirrindulari zaletasuna zauritu ikusten denez.

Agin honenbestez txapelketatik kanpo geratu da baina bertso hauek gurera ekarri beharra sentitu dugu.

Bertso hauek ikusi eta entzuteko ondorengo estekan duzue aukera 2:27:00-tik aurrera: EITB: Maule-Lextarreko finalaurrekoa (osoa).