Eskola zaharreko txirrindularitza

Duela 15 eguneko post-ean hainbat ideia mahai gainean jartzen nituen. Ez nuen esperantza handirik euskal txirrindularitzaren geroan, Ner Group-en izena agertu zen egunean aitortu nuen bezala. Baina poztu nintzen. Gehiegi. Gaur amorratu naizen bezala. Nahikoa da. Egoera surrealistak bizitzen ari gara, egoera berez dena baina askoz tristeagoa egiten dutenak.

Lehenik Euskaltel izan zen atzeko atetik irten zena eta Igor Gonzalez de Galdeano ipurdi bistan utzi zuena. Nik uste, orain dakigunagatik, Fernando Alonsoren saiakeraren ostean oraindik ulergaitzagoa dela enpresak azken urtean erakutsi duen axolagabekeria eta noraeza. Gero Ner Group etorri da esperpentua osatzera. Aholkulari guru baten inguruan osatutako enpresa elkarte bat da. Ez da enpresa talde bat enpresa ikuspegi batetik, hots, jabe bera dutenak edo jabetzaren zati bat elkarbanatzen dutenak. Era sinple batean esateko, enpresa lagun batzuen arteko elkarte bat da, balore batzuk amankomunean dituztela dioten lagun taldea. Mihi gaiztoenek diotenez Saratxagaren bezero izateaz gain gauza gutxi omen dituzte amankomunean.

Tartean da Ampo, seguraski elkarteko enpresa handiena dena. Ezaguna da txirrindularitzari kooperatiba honek eman dion babes zabala, Goierriko hainbat kirol eta kultur erakundeei bezala. Aitortu eta eskertu behar zaie esfortzu handi hori. Baina aitortu behar da ere txirrindularitzan egin dituzten inbertsioek ezaugarri bat izan badute estrategia eta planifikazio falta izan direla: Murcia, Footon-Servetto, Lampre… Babesletza estrategia kaotikoa mantendu dute eta Ner Group-en oraingo saiakeran izan duten eragina ezagutzen ez badut ere, izan badu, kaosak jarraitu du.

Kontua da Ner Group honek harremanetarako estilo berri bat aldarrikatzen duela lan munduan. Euskadi Fundazioa babestuko zuen berria zabaldu bezain laster txiokatu nuen: Madariagaren estiloaren antipodetan dago. Teorian behintzat, praktikan ez baitut Ner Group-en eredua hurbiletik ezagutzen eta ederki baitakigu paperak dena aguantatzen duela.

Harremanen estilo berri hori ezartzeko prozesuan garrantzi handia dute aholkulariek. Batipat talde bertako aholkulariek. K2K izena du taldeko aholkularitza enpresak eta eguneroko lanean gai honekin sare sozialetan bezain galduak ez ibiltzea espero dut. Noraeza eta idazten ari zirenaz informazio eta ezagutza falta nabarmena erakutsi dute eta egunotan. Baina aholkulari ezberdinen garrantzia ez da enpresa hauetan bakarrik ematen den zerbait eta ez dut nik zalantzan jartzeko asmorik, sektore denetan bezala ke saltzaileak ere ugari diren arren. Enpresek arrazoi desberdinengatik jotzen dute aholkulariengana: lege kontuetarako, euren estrategia definitzeko, lan prebentziorako, datuen babeserako, informatikarako, proiektu edo inbertsio berrietarako edo beste hainbat behar kanpoko zerbitzu hauen bidez asetzeko.

Kirol talde bat babesterako orduan, baina, ez da hain ohikoa aholkuak eskatzea. Zertarako? Beti dago babestu nahi den kirolaz inork baino gehiago dakien agintariren bat enpresan bertan. Eta aholkuak eskatzen badira, lagun forofoari edo herrian ezagutzen duten txirrindulari ohiari eskatzen zaizkio. Horrela, milaka edo milioika euroko inbertsioak erabaki izan ohi dira. Asko ongi atera dira, hala eta guztiz ere. Baina horrek ez du metodoa balidatzen.

Eta euskal txirrindularitzan ere horrela jokatu izan da. Badirudi babesle denek dutela txirrindulari ohi lagun bat marketing-az, kudeaketa ekonomikoaz, legeez, kontratuez, esponsorizazioaz, giza baliabideen kudeaketaz, logistikaz etab. dakiena. Txollo bat dira. Eta babesle denek daukate lagun kazetariren bat ere hiruzpalau dei egiteko. Edo prentsa ohar txapuzero bat idazteko. Eta bestela enpresako katalogoak egiten dituen komunikazio pertsonak egingo du zerbait, zer axola? Izan ere, informazio hori jasotzen duten kazetariek ondoren ezer ez dutenez kolokan jartzen, zertarako kudeatu ongi kanpo komunikazioa?

Horrela gaude. Kudeaketa on bat eta komunikazioa dira talde profesional baten gakoak. Kirol emaitzak etorriko dira edo ez. Kirol arloan zorte gehiago edo gutxiago izango dugu. Baina kudeaketa eta komunikazioa gure esku daude, eta hemen inork ez die baliorik eman. Euskal Herriko estiloa. Eta estilo berri bat banderatzat hartuta zetorrenak ere akats zaharrak errepikatu ditu. Kirol arloan ez asmatzea barka dakieke, baina kudeaketa eta komunikazioan huts egin dute bai Euskaltel bai Ner Group-ek.

Trena aspaldi galdu genuen hemen. Bai taldeen kudeaketan, bai proben kudeaketan. Negatibo nagoela esango didazue (errealista naiz baina). Konstruktibo behintzat banago. Horregatik aste honetan irakurri dudan artikulu bikain bat elkarbanatu nahi nuke zuekin, goi mailako txirrindularitzaren esponsorizazioaz. Ez da Tinkov ahoberoa idazten duena. Horrelako tontoek beti duten arren oihartzunik handiena. Ez da soilik euskal kazetarien gaitza mikroa nori jarri eta bozgoragailua nori eskaini ez asmatzea. Kanpoan zein hemen, askoz balio gehiago dutenen ahotsak isilduak geratzen dira. Gerard Vroomen Cervelo markaren sortzaile eta garai bateko taldearen manager izandakoarena da hauetako bat. Gaur egun txirrindularitzaz idazten duen bururik argienetakoa da, eta ez naiz bere burusoilaren distiraz ari. Mesedez irakurri honako testua: Selling Cycling

Eta euskal txirrindularitzako agintari, ordezkari, behi sakratu… guzti horiei testu hau helaraziko bazeniete ere eskertuko nizueke. Badute holakoak irakurri eta barneratu beharra. Hasteko, baina, itzuli egin beharko zeniekete, nazioarteko edozein informazio ulertzeko gai ere ez baitira gehienak. Eskola zaharreko txirrindularitzaren aroa amaitu da. Aro berria ea laster hasten den.