Berdintasuna ote Madariagaren ekarpenetako bat euskal txirrindularitzari?

Merezitako egurra jaso du azkenaldian Migel Madariagak hainbat lekutan. Bai berak eta bai zaleak lotsarazten gaituzten beste hainbatek ere. Migelek etsaiak nonahi ikusteko joera ere ezaguna da, baita hurbilen dituenengandik jasotzen dituen neurriz kanpoko loreak ere. Ez dago erdibiderik.

Baina oraingoan Migel txalotu beharrean gaude. Euskadi taldearen birsortze honetan pozgarria eta aipagarria den zerbait badago. Aipatu da, baina nire ustez pertsonari agian bai, baina emakume bat aukeratu izanari ez zaio duen garrantzia eman. Emakumezko bat jarri nahi du Migelek proiektuaren buruan. Ez dakigu zehatz zein funtziotan, baina hala adierazi du Migelek. Eta benetan hala bada, eta ardura nagusiak benetan uzten bazaizkio, txalotzeko moduko erabakia iruditzen zait. Antzeko beste gertakari bat ere etorri zait burura. Migel Madariaga amateurretan emakumezko bat kirol zuzendari jartzen ere aitzindaria izan baizen. 1995a zen. Migel Madariagaren piramidea sendotzen zihoan, eta hastapenetako Euskadi talde profesionalaz gain, amateur mailan Orbea-Pan Ocio talde sendoa zuen. Baina esku artean zuen Pan Ocio-Soffati talde apalagoa ere, eta bertan Inma Fernandez zen kirol zuzendari. Oker ez banago, amateur talde bat zuzentzen lehen emakumezkoa izan zena estatu osoan.

Dorleta Zorrillaren paperari dagokionez, ez dut ez bere ibilbidea ez daukan prestakuntza baloratzeko informazio nahikorik. Denborak esango du bere ekarpena zein den. Baina gizonezkoek baina okerrago egitea kostako zaio. Prestakuntza egokia ez izatea ere ez da inoiz oztopo izan hainbat gizonezko antzeko kargutan jartzeko. Ea emakumeak kirol erabat maskulinizatu honetara behar duen patxada eta lan serioa ekartzeko gai diren. Dena den, euskal txirrindularitzak dituen sakoneko arazoak konpontzeko Dorletako amabirjina ere nahikoa izango ez delakoan nago.