Euskal txirrindularitzaren ajea

Euskaltel-EuskadiZur eta lur geratu nintzen igande arratsaldean Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioa entzuten. Igandero bezala Migel Madariaga zuten solaskide eta datorren urtean euskal talde profesional edo kontinental bat errepidean ikusteko aukeraz galdetu zioten. Horraino, espero zitekeena. Baina kazetaria berarengana iritsi diren zurrumurruak zerrendatzen hasi zenetik ez dut solasaldi hori burutik kendu.

4 proiektu omen daude gure herri txiki hontan datorren urtean taldea osatu nahian. 4 proiektu (eta laurak berandu dabiltza gauza onerako):

Madariaga berak zuzentzen duen Euskadi Fundazioa.

Jose Luis Arrieta Euskal Herriko Txirrindularitza Federazioko presidentea bultzatzen ari

dena.

Jon Odriozola txirrindulari ohia osatu nahian dabilena.

– Euskaltel eta Orbea artean aztertzen dabiltzana, profesionala agian.

Zuek ez dakit. Nik daflipat.

Azken asteetan askok galdetu didate nola ikusten dudan euskal txirrindularitza eta zein diren aurrean dituen arazo eta erronkak. Aurreko lerroetan azaldutako panoramarekin, oraindik norbaitek zalantzak ditu?

Migel Madariagak esan zituenetatik esaldi bakarra aipatuko dut. Eta barkatuko didazue kontestuz ateratzea baina nire ustez EHko txirrindularitza ongi deskribatzen du: “zenbaitek berba larregi egiten dabe”. Zerbait gaineratuko nuke: bakoitzak bere parrokiarentzat gainera.

Eta gehiegi hitzegitea aipatu dugularik, ezin ahaztu ETBn pasa den astean Euskaltel-Euskadi taldearen historiari buruz eman zuten saioa ere. Gorabeherak gorabehera, gustora ikusi nuen. Baina amaitzean, nolatan desagertu den baino, galderak nola arraio iraun duen hainbeste behar luke. Migelek ahobizarrik ez zuen izan haserako urteetan ogasunari egindako iruzurra azaldu eta orain Bizkaiko Ahaldun Nagusi denak egoera irregular hori konpontzeko emandako babesa eskertzeko (8:39 minutuan). A ze mezua!!! Baina ez gaitezen hain negatiboak izan. Hori ez da txirrindularitzaren arazoa soilik. Beste hainbat arlotan ere, gauzak ongi eta zintzo egiten dituena saritu ordez, ez administrazioarekin ez langileekin bere betebeharrak betetzeko gai ez diren “etxaopalanteak” goratu ohi baitira.

Horrela gaude. Oinarri sendorik ez eta airean 4 gaztelu eraikiko ditugun ilusioa atez ate saltzen, nor lehenago engainatuko.