Egoitz Garcia klasikomanoa

Egoitz Garcia ihesaldiko tropeltxoan

Gaur jokatu da Omloop Het Nieuwsblad, Flandriako lehen klasikoa. Txirrindularitza zaleok zain ginen lasterketa hau ikusteko klasikoetan urtek lehena izan baita eta euskaldunontzat zorionez, ETB1tik jarraitzeko aukera izango dugu.

Paoloni Katusha taldeko italiarra izan da garaile. Gogoratu azkenean Katusha, Joquim Rodriguezen taldea, World Tour izango dela ebatzi dela orain gutxi eta gaurko garaipenak beste bultzadatxo bat eman dio talde errusiarrari. Ezin aipatu gabe utzi, ordea, Omega Pharma talde klasikozalearen protagonismoa: bigarren sailkatu da Vandenbergh eta Chavanel lasterketa buruan izan da hainbat kilometroetan.

Poza, ordea, Egoitz Garcia euskaldunak eman digu. Lehen aldiz hartu du parte lasterketa honetan eta 10. postu bikain bat lortu du. Lasterketaren lehian izan den tropeltxoan izan da, baina Paolini eta Vandenbergh aurrera egin duenean, Thomas eta Van Avermaert bezalako txirrindulariekin geratu da bigarren helmugaratu den tropeltxoan. Azkenean, aurrez esan bezala, 10. postu bikaina lortu du.

Denbora asko pasa da euskal txirrindularirik klasikoetan hain aurrean ikusten ez genuela. Caja Rural taldean aritu zen lehendik eta zirt edo zart egin asmoz, Cofidis taldearen aldeko apustua egin zuen. Beno, berak eta taldeak. Eta a ze emaitza!

Egia esan ez dakit zergatik ez dagoen Euskaltel berri honetan, beno, bai badakit. Kontuak kontu, gaurkoan hain kotiziatu diren 8 puntu lortu ditu Egoitzek Omloop Het Nieuwsblad klasikoan. Klasikomano berri baten aurrean gaudelakoan naiz.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.