Motorrak berotzeko, Indurain Saria

Uztailaren 6an milaka lagun biltzen dira nafar lurretan munduan dauden festarik onenetan parte hartzeko: San Ferminak. Lehenago, udaberrian milaka lagun hurbiltzen dira euskal errepideetara munduan dauden txirrindularitzarik onenaz gozatzera. Udan bezala: hasi da festa!

Gaur ospatu da Lizarran Miguel Indurain Sari Nagusia. Hurrengo egunetan gure errepideetan biziko dugun lasterketetan lehena. Astelehenean Euskal Herriko Itzulia hasiko da eta datorren igandean ospatuko da Udaberri sari nagusia Zornotzan.

Bederatzi eguneko ikuskizunari hasiera emateko lasterketa oso interesgarria larunbat honetakoa. 180 kilometro eta Euskal Herriko itzulian parte hartuko zuten hautagai batzuk irteera lerroan.  Azterketa polita izan ohi da Miguel Indurain Sari nagusia hurrengo asteko zitara begira.

Azken urteetan bezala Lizarra inguruan ibili dira txirrindulariak. Ibilbideko zatirik erabakigarriena azken herenean zegoen, hainbat aldiz Puyko aldapa igoz eta bertan amaituz. Eta ohiko bezala ibilbideko lehen zatian sortu da eguneko ihesaldia. Baina ohikoa ez den bezala, ihesaldi honetako kide batek jaso ditu besoak Puy basilikako helmuga lerroan: Simon Spilak Katusha taldeko esloveniarrak.

Eguneko ihesaldi horretan besteak beste Beñat Intxausti (Movistar), Mikel Landa (Euskaltel-Euskadi), Igor Merino (Euskadi)… sartu dira. Pelotoiak errenta hartzen utzi die 8 minutuko aldea lortu arte. Orduan hasi da tropel nagusia lanean baina jada berandu zen.

Bigarren mailako Girgiñanon gora Intxaustiren eraso batek garaipena nork lehiatu agerian utzi du. Rohan Dennis (Garmin-Sharp) eta Simon Spilak-ek eutsi diote eraso horri. 40 kilometroren faltan esloveniarrak aurrera egin du eta tropel nagusiak iheslari guztiak harrapatu baditu ere ezin izan du Katusha taldeko txirrindulariak hartu duen aldea jan. Minutu eta erdiko abantaila atera die Igor Anton-i (Euskaltel-Euskadi) eta Peter Stetina-ri (Garmin Sharp). Alejandro Valverde (Movistar) laugarren izan da.

Gaurkoaren ondoren galdera asko egin daitezke. Itzulirako diren hautagaiak eta aurrean ibili direnak, maila bera emango al dute datorren astean? (Valverde, Kreuziger…) Eta aurrean ibili ez diren hautagaiak aurrean ibiliko al dira Itzulian? (Samuel Sanchez esate baterako).

Argazkia: EFE

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.