Rabobankek agur esan dio eliteko txirrindularitza babesteari

Rabobank taldeaErrepideko txirrindularitza profesionaleko denboraldia amaitu da baina ez du horregatik protagonismorik galdu. A ze giroa dagoen!

Hibaik artikulu bikain batean Euskaltel berriaren inguruan aritu zitzaigun eta Raulek orain egun gutxi USADAk Armstrongen kasuaren inguruan argitaratutako ebazpenak medioetan sortutako iritzi ezberdinak bildu zizkigun. Bada ebazpen horrek soka luzea dakarrela dirudi.

Iruzkin batean agertzen nuen moduan USADAren ebazpen hori irakurtzen ari naiz. Ez dut oraindik guztia irakurtzerik izan, baina badakit bertan Luis Leon Sanchez txirrindulari murtziarra 2007an, Rabobank taldean hasi aurretik, Ferrari, bizi osorako zigortua izan den medikuarekin aritu zela. Era berean, aste honetan jakin da Barredo asturiarrari espedientea ireki diotela pasaporte biologikoa aurkitutako ezohiko emaitzak tarteko.

Rabonankek USADAren txostena irakurri ondoren argi esan du: nazioarteko txirrindularitza eta instituzioak beraiek (hau da gogorrena nire ustez) ustelduta daude USADAren ebazpenak argi uzten duenez.

Talde barruko bi txirrindulari espainiarren egoera ikusita eta USADAk instituzioez beraiez ebatzitakoa ikusita, banku holandarrak eliteko txirrindularitzari 1996tik emandako babes osoa, bai gizonezko baita emakumezkoen taldeei (gogoratu babesle bakarra bera zela), amaitutzat ematea erabaki du. 23 urtez azpikoak eta ziklokros taldeak, aldiz, babesten jarraituko du.

Nahikoa arrazoi al da babesa kentzeko? Zalegoak ulertzen al du mugimendu hau?

Aspaldidanik aipatu dugu gero eta babesle gutxiago daudela eta dopin auziek horretan ez dutela batere laguntzen. Ezin ukatu Puerto Operazioaren ondorengo eskandalu larrienaren aurrean gaudela. Armstrongek ere bere babesleak galdu ditu -Nike, Trek eta Anheuser-Busch; Oakley oraingoz ez- aste honetan. Noski, babesten duenak ez du nahi bere marka dopin auziekin -zergatik ez esan, tranpatiekin- nahasturik izaterik. Enpresa amerikarren moduan, Rabobank holandarrak ere irakurketa bera egin du.

Baina emakumezkoen eliteko taldea ere bai? Axier Sukia adiskideak galdera hau egiten zuen Twitterren. Egia esan ni asko poztuko nintzateke emakumezkoena babesten jarraituko balute. Izan ere emakumezkoen taldea ez baina Vos bai, Vos babestuko dutela adierazi duge 2016ko Olinpiar Jokoak bitartean. Brugginken, Rabobank bankuko arduradunetako baten esanetan Vos bide zuzenetik doa eta hori da arrazoia. Horrenbestez, emakumezko taldea bide zuzenetik ez doala ondorioztatzen dut.

Beste kolpe latz bat txirrindularitza profesionalarentzat. Baina ez ote da merezitako egoera? Batzuetan baietz pentsatzen dut ematen didan arren.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.