2013ko Tourrean 8ko taldeak izan daitezke

Armstrongen zurrunbiloak betetzen baditu ere egunkarietako nahiz sareko orrialdeak, txirrindularitzak aurrera darrai eta gaur 2013ko Frantziako Tourra aurkeztu dute, lasterketaren 100. edizioa izango dena. Berezia, beraz, hurrengo urtekoa.

Post honetan ez dut ibilbidearen inguruan hitz egin nahi aurrerago egin ahal izango baitugu lasaiago. Nire ustez notizia Prudhommek 9ko taldeak beharrean 8ko taldeak izateko askoa adierazi izana da. Hala egingo balitz horrek tropela 22 txirrindularitara murriztuko luke, 176 txirrindularitara. Baina zer bilatzen du Tourrek arduradunak aldaketa honekin?

Ez da gauza berria. Eztabaida hau birritan entzundakoal garela uste dut guztiok. Aspaldian Tourrean, eta gainontzeko lasterketatan, taldelana erabakigarria izan ohi da. Zenbat eta talde handiagoa lasterketa kontrolatzeko baliabide gehiago eta ondorioz lasterketa ireki beharrean itxi egiten du. Beraz, taldearen ahalmena murriztea nahiko luke Prudhommek kontrol hori egitea zailagoa suerta dadin. Esango nuke aurten Sky taldeak izan duen nagusigoak eragina izan duela asmo hau plazaratzeko orduan.

Ez da, ordea, guztia arrosa kolorekoa. Bere alde txarrak nabarmentze aldera, txirrindulariek babes gutxiago izango lukete (gogoratzen aurtengo lehen astea?). Eta kirolarien beraiei dagokienez, zailagoa suertatuko zaie urteko lasterketa garrantzitsuenean parte hartzea plaza gutxiago izango baitira.

Gogoan izan 22 talde izango direla hurrengo urteko Tourrean ere. Horietatik 18 WorldTour lizentzia dutenak izango dira eta gainontzeko lauak gonbidapen bidez jakingo dira.

Kontuak kontu, hau oraingoz aireratutako beste asmoetako bat da. Badirudi ikuskizunaren alde egiteko ekimena izan nahi duela, irrati edo pinganilorik gabeko etapak kasu.

Nik ondo irizten diot horrelako probak egiteari, baina ez dakit horrelako testak egiteko lasterketa egokia denik Tourra bera. Tourrak duen garrantziagatik bakarrik lasterketa erakargarria delakoan naiz, baina beno, arduradunek horrelako neurriak hartu nahi badituzte eta txirrindularitzaren mesedetan izango bada, ongi etorria izango da nire aldetik.

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.