Izagirre, Zubeldia… eta Voeckler

Duela urte batzuk, klasiko handietan bikain moldatzen zen zilklista zuen Frantziak: Duclos Lasalle. 38 urterekin irabazi zuen aurrenekoz Paris-Roubaix. Hurrengo urtean, lasterketaren bezperan honako titularra kaleratu zuen L’Equipe egunkariak: Eta berriro ere irabaziko balu? Ba Duclos Lasallek irabazi zuen karrera hura eta biharamuneko azalean Egin du! kaleratu zuen L’Equipek. Antzeko zerbait egin lezake L’Equipe Europcar taldeko ziklistarekin, Thomas Voecklerrekin.

Franck Schleckek Tourra utzi duen egunean -edo utziarazi dioten egunean, hobe esanda-, Voeckler eguneko ihesaldian sartu da beste 37 txirrindularirekin; Tourmaleten gora Feillurekin batera egin du aurrera Voecklerrek eta azken mendatean, Peyresourden Feillu atzean utzi, bakarrik egin du aurrera eta bakarrik helmugaratu da Luchonen, Peyresourde jaitsi eta gero. Chris Anker Sorensen bigarren sailkatua izan da eta Gorka Izagirre hirugarren. Ez ahaztu igandean, Izagirren bosgarren sailkatu zela; beraz, lau egunen buruan, birritan sailkatu da lehen bosten artean Euskaltel Euskadi taldeko ormaiztegiarra. Bejondeiola!

Sailkapen nagusiari dagokionez, Nibalik erasora jo du Peyresourden, azken mendatean, eta soilik Wiggins liderrak eta Froomek eutsi diote italiarrari. Ezusteko handirik ezean, hiru txirrindulari horiek izango dira igandean Parisko podiumean. Evansek gaur amore eman du; ia bost minutu galdu ditu hirukote indartsuenarekiko.

Haimar Zubeldia, bere aldetik, oso ondo aritu da; Wigginsek, Froomek eta Nibalik baino 58 segundo gehiago behar izan ditu etapa osatzeko; besteak beste, Van den Broeck, Horner, Van Garderen eta Hornerrekin helmugaratu da Zubeldia; ez dago dudarik: RadioShack munduko talderik indartsuenetakoa da–indartsuena ez bada- eta talde horretako onena izango da usurbildarra Tourrean, denboraldiko probarik onenean. Sailkapen nagusiko bosgarren posturaino igo da gaurko etapa eta gero Zubeldia.

Argazkia: Bettini / cyclingnews