De Gendt Ormaiztegiko zakurrarena egiten

Flandriako txirrindulariak erakustaldia eman du gaurkoan. Hori bakarrik ez, Giro honetako eta aspaldian ikusi dugun erakustaldirik gogoangarriena eman digu. Txirrindulari zaleok eskerrak emateko moduan gara zalantzarik gabe.

Gaurkoan Ion Izagirrek ere ederki egin du lan Mikel Nieveren mesedetan. Mikelek 28 urte bete ditu gaur eta etapa garaipena nahi zuen, baina gonbidatu berezi bat izan du bere saiakeran Cunegoz gain, De Gendt hain zuzen ere.

Eta Ormaiztegiko zakurrerena?

Bada esaera bat: “Ormaiztegiko zakurrarena egin: harrapar y pasar”. Hori da gaurkoan De Gendtek egin duena. Faboritoak elkarri begira zeudela, De Gendt Puritorengandik 6’43″a zen ostiraleko etaparen ondoren. Inor ez zen berataz gogoratzen gaur arte.

Mortirolon hasi da bere balentria. Orduan ere ez diote garrantziarik eman flandriarraren mugimenduari, baina Stelvion gora gauzak ezberdin ikusi dituzte. Hesjedalek Vandevelde jarri du tiraka baina bere erritmoa ez zen nahikoa De Gendti aldea murrizteko. Momentu batean ia lider birtual ere jarri da taldeburuak elkarri begira izan baitira birritan. Egoera horrek ederki lagundu dio De Gendti podiumaren lehian sartzeko.

“Harrapar y pasar”. Harrapatu, harrapatu ditu faboritoak. Jada laugarren dago sailkapen nagusian Puritorengandik 2’18″ra eta Hesjedalengandik 1’47″ra. Aurretik duen Scarponik 27″ bakarrik kentzen dizkio, beraz, De Gendtek erlojuaren kontrako abileziak ezagututa, erraz pasako duelakoan naiz. Bai, podiumean ikusten dut De Gendt zalantzarik gabe. Baina pasatzeko gai izango al da? Giroa irabazi bai?

Purito eta Hesjedalen lehian faborito kanadiarra jotzen da. Nik ere hala uste dut izan ere Milaneko 30km horiek guztiz lauak dira. Hesjedal erlojuaren kontra txukun moldatzen da eta teoriak Puritori 31″ko alde horiek jango dizkiola esaten du.

Baina De Gendt noraino iritsiko da? Ba pasatzeko gai izan daiteke. Iosuk De Gendtek Hesjedali atera dizkion denbora tarteak aipatu ditu Twitterren:

1. Frantziako Tourra (42km): 3’27”

2. Suitzako Tourra (32km): 1’09”

3. Paris-Niza (20km): 1’20”

Erreferentzia hauek esanguratsuak al dira? Izan daitezke, baina kontutan izan 3 asteko itzuli baten azken etapa izango dela eta nekeak zeresan handia izango duela, batez ere atzo eta gaurko etapek sortu dieten indar xahuketa kontutan hartuta.

Ibanek zioen moduan edozer gerta daiteke. Beharbada Purito maglia arrosari eusteko gai izan daiteke. Edo Hesjedalek kenduko dio Giroa azken egunean. Edo “epikoagoa” izan daitekeena, De Gendtek irabaz dezake gaur bezain indartsu ateratzen bada bihar Milaneko errepidera. Zer uste duzue?

;

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.