Espero genuen, bai, gaurkoan Joaquin Rodriguezek etapa garaipena lortzea. Etapa amaiera aproposa zen berarentzat eta atzo lortu ezin izan zuen garaipena gaurkoan bai. Eta gainera lidergoa bereganatu du.
Ohi moduan ihesaldia osatu da gaurkoan. GreenEDGEk mugitu du lasterketa Clarke, Albasini eta Sulzberger txirrindulariekin. Patxi Vila (UNA) ere protagonista izan da lasterketa bere herritik pasatzen zelako motibatuta. Euskaltel-Euskadik Juanjo Orozen lan bikainari esker kontrolpean izan dute lasterketa eta azken kilometroetan Katusharen laguntzarekin bertan behera utzi dute ihesaldia.
Ibardinen gora Peter Velits (OPQ) jarri da lasterketa buruan Tony Martinentzat (OPQ) lan egiten. RadioShack saiatu da lasterketa mugitzen Monfort eta Frank Schleckekin baina bikain eutsi dio Omegako txirrindulariak.
Baina gogorrena azken 500 metroetan zegoen. Malda gogorra zuten igotzeko eta hori aprobetxatu behar zuten Purito edo Samuel Sanchezek Tony Martini tartea ateratzeko arerio sendoa baitute Oñatiko erlojuaren kontrako saioari begira. Poelsek (VCD) jo badu ere lehen maldan jarraipena eman ezinda geratu da. Henao (SKY) izan da jarraian saiatu dena baina maldak gogorrak ziren oso. Puritok, ordea, ondo egin du aurrera eta Samuel Sanchezek saiatu bada ere, kataluniarrak erraz irabazi du etapa.
Lasterketa erabakitzeko
Ibardin 1. mailako mendateak (zalantzan jarri bada ere 1.mailako ezaugarri hori) tarteak eragin baditu ere eskalatzaileentzat nahikoa izango ez delakoan naiz. Purito Tony Martini 33″ bakarrik ateratzen dizkio eta Samuk, berriz, 24″. Alemaniarrak erraz jango dizkielakoan naiz ikusita zein sasoi puntutan dagoen. Sailkapen nagusiari begiratuta, kataluniarra eta asturiarra podiumetik kanpo geratuko direlakoan naiz. Zuek zer diozue?