Ezustekoak bata bestearen atzetik

Aurtengo Paris-Niza lasterketa sorpresaz etorri delakoan naiz. Egia da gidoitik ateratzen diren lasterketak erakargarriagoak direla, baina ados izango zarete bi egunetik bitan horrelako sorpresak izatea ez dela ohikoena.

Atzoko lehen etaparako hautagai nagusia Tony Martin (%79,9) zen, egungo erlojuaren kontrako munduko txapelduna. Egia da euria egin ziela azken txirrindulariei, baina nire ustez Tony Martin ez dago sasoian. Izan ere Wiggins (%64,9) zen beste faboritoa eta Larssonen atzetik sailkatu zen segundo bakar batera. Garbi dut euria izan ez bazen Wiggins izango zela garaile.

 

Atzokoaren sorpresa horren ondoren, gaurko etapak berea ekarri digu. Paris-Niza ekitaldi honetan esprinta jokatzeko moduko etaparik garbiena gaur zen eta guztiok esprinterrak genituen hautagaien artean. Bai, esprinter batek irabazi du gaurkoan, Boonen (%64,7) handiak (profesionaletan lortzen duen 100. garaipena). Baina 21 txirrindulariz osatutako tropeltxo bateko esprintean gailendu da.

Haizeak 80kmren faltan zatiketa eragin du. Aurrean 21 txirrindulari. Faboritoen artean Leipheimer (%20,9), Wiggins, Van Garderen (%9,1) eta Valverde (%91,7). Atzean geratu dira gainontzeko faboritoak eta helmugan 2:30 galdu dute. Gainsariei esker Wiggins jarri da lider.

Garbi geratu da, honenbestez, aurtengo Paris-Nizako irabazlea 21 txirrindulari horien artean dagoela. Galtzaileak ere badaude gaurko etaparen ondoren. Zenbait aipatzekotan Taaramae (%55,2), Mollema (%13,1) eta Coppel (%12,2) aipatuko nituzke, sailkapen nagusiaren lehiarako hautagaiak baitziren. RadioShack ere pattal, Monfort (%14,6) sartu badu ere lehen 21 horietan, ez Klöden (%14,7), ez Frank (%10,5) ezta Andy Schleck (%7,7) ere ez baitira faboritoen artean helmugaratu.

Honenbestez faborito horiek etapen lehian sartu beharrean izango dira eta horrek gainontzeko etapa ehiztariei gauzak zailduko dizkie. Ea bihar zer ematen digun Eguzkiaren lasterketa honek!

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.