Eguzkiaren lasterketak ere laino beltzak izan zituen

« Ez baditut 304.800 euro lortzen hemendik urtarrila bitartean ez dut Paris-Niza antolatuko ».  Ez dira nire hitzak, jakina, Laurent Fignon zenarenak baizik. 2002ko lehen egunetan botatakoak. Txirrindulari izateari utzi eta zenbait urtetan Paris-Nizaren antolakuntzako buru izan zen Fignon, eta sarean topatutako bere adierazpenok agerian uzten dute eguzkiaren lasterketak ere laino beltz-beltzak izan zituela. Badago Paris-Nizak duela bederatzi urte jasandako estutasunak zerekin lotu, ezta? Bai, Euskal Herriko Itzuliarekin. Paris-Nizaren kasuan, UCIko orduko presidenteak Hein Verbruggek lasterketa desager ez zedin ahaleginak egingo zituztela zin egin zuen; hurrengo urtean, Frantziako Tourra antolatzen duen elkarteak hartu zuen Paris-Nizaren gidaritza.

Egoitz Lizaso (@elizaso), Iban Perez (@piban) eta Iosu Garate (@iosugarate) adiskideek podcastean etapen ezaugarriak eta faboritoak xehetu dituztenez, nik karrera honen historiari erreparatu diot, eta bada datu bitxirik. Alphonse Schepers nor den ba al dakizue? Bada 1933an Paris-Niza lehen aldiz egin zutenean garaile izan zen txirrindulari belgikarra. Atentzioa ematen duen beste datu bat: 1959an lasterketa zertxobait luzatzearren, Erromaraino iritsi zen; 11 etapa egin behar izan zituzten, orain arteko luzeena.

Eta garaileen zerrendari dagokionez, Sean Kelly irlandarrak beharbada sekula gaindituko ez duen marka ezarri zuen proba zazpi aldiz jarraian irabazita: 1982tik 1988ra. Hain justu, hurrengo bi urteetan Miguel Indurainek irabazi zuen; ziklista nafarraren lehen garaipen garrantzitsuak izan ziren. Indurain da Paris-Niza irabazi duen euskal ziklista bakarra.

Ezin aipatu gabe utzi bakarrik proba irabazi duten bi txirrindularik parte hartuko dutela: Rabobankeko Luis Leon Sanchez eta Radio Shack Trekeko Kloden beteranoa. 2000. urtean irabazi zuen alemaniarrak lasterketa hau! Eta erne aurten ere berarekin…

Argazkia: bicycling.com