Talde laranjan, argi gorria

Morenok irabazi du Sierra Nevadako gainean eta Chavanel lider jarri da. Igor Antonek minutu eta erdi galdu du faboritoen tropelarekiko; Mikel Nieve eta Haimar Zubeldia onenekin helmugaratu dira.

Katusha taldeko Morenok altxatu ditu besoak Sierra Nevadan. Saxo Bankeko Sorensen eta biak iritsi dira ihes eginda, eta espainiarra gailendu da.

Bushek, Borganovek, Rohreggerrek, Bonnafondek eta Toribiok osaturiko boskotea ihes eginda hasi da Sierra Nevada igotzen -haiek ere aipamena merezi dute aurrera jotzeko ausardia izan baitute, jakin arren ziurrenik tropelak jan egingo zituela-. Atzean, Rabobankek azkartu du erritmoa aurrena, eta jarraian Vacansoleilen txanda izan da. Bien bitartean, Igor Anton sufritzen ari zen tropelaren atzealdean. Hortaz ohartuta, Liquigasek berak ere sua eman dio multzoari eta Nibalik berak erasoa jo du. Italiarra inora ez zihoala konturatu da berehala eta amore eman du. Italiako taldeak, dena dela, atzean utzi du behin betiko Euskaltel-Euskadiko talde burua. Sorensenek, Kiserlovskik eta Morenok jo dute etapa garaipenaren usainean eta azkenean, Sorensen eta Moreno geratu dira lasterketaren buruan. Bikote honek 11 segundo baino ez dizkio kendu 30 bat ziklistek osatutako multzo nagusiari. Bertan ziren faborito guztiak, Anton izan ezik. Galdakaoko karrerista minutu eta erdira iritsi da. Dirudienez, konpetizio egunak faltan ditu zangoetan Antonek eta horregatik ezin izan die onenei jarraitu. Galdutako denbora asko oten den? Bai eta ez. Asturiasko etapetara sasoi betean iritsiz gero, hori eta askoz gehiago berreskura lezake. Hori bai, 46 txirrindulari izan ditu aurretik eta hori kontuan hartzeko modukoa da. Wiggins, Brajkovic eta Van den Broeck apenas lehiatu dira Tourrean erori zenetik eta Antonek ez bezala, eutsi diote. Akaso Asturiaseko etapatzarretan egingo du behera aipatu hirukoteak. Ikusi beharko…

Bien bitartean, nabarmentzekoa da nola Mikel Nieve hala Haimar Zubeldia onenekin iritsi direla. Haiekin batera, gainerako oilar guztiak ziren. Baita beste ziklista batzuk ere, akaso oharkabean sartu direnak sailkapenaren goialdean; esate baterako, Sivtsov bielorrusiara –Giroan lehen hamarren artean sartu zen- eta Niemec eta Lagutin. Erne Talansky gaztearekin ere; tropel nagusian iritsi da helmugara eta hori bada zerbait. Eta hori guztia horrela, atzoko ihesaldia baliatuta, Chavanel nekaezina lider jarri da. Voecklerrek Tourrean nola, hala ibili nahi al du akaso Frantziako txapeldunak?

Argazkia: Sirotti / Cyclingnews