#24 Tropela.net podcastak: Tourreko 2. etaparen kronika. Taldeka erlojuaren kontra Garmin-Cervelo nagusi

Sorpresa handirik ez dugu izan etapa honetan, nahiz eta agian distantzia hain laburra izateak aldeak ere oso txikiak izatea ekarri. Garmin-Cervelo taldea nagusitu da etapan eta Hushovd jantzi da horiz etapa amaieran. Ortzadar maillota gustura kentzen da soinetik Tourreko maillot horiaz ordezkatzeko bada.

10 segundoren barruan beste 5 talde sailkatu dira irabazleaz gain: BMC, Sky, Leopard-Trek, HTC-Highroad eta Radioshack. Talde amerikarrak ekarri duen hautagai armadaz gain, etapa honen ondoren hobetuen kokatuak irten direnak Evans, eta Schleck anaiak izan dira, Wiggins ahaztu gabe. Hautagaien taldeen artean bigarren koska batean, Gesink-en Rabobank eta Contador-en Saxo Bank iritsi dira. Galdu duten denbora, baina, ez da horrenbestekoa izan: 12 eta 28 segundo hurrenez hurren.

Galtzaileen artean, Basso-ren Liquigas eta Euskaltel-Euskadi aipatu behar. Italiarrek erlojuz kontrako txukunak egin ohi dituzte baina atzo ia minutua galdu zuten. Euskal taldea berriro ere azkenputz: 1 eta 22 segundu gehiago Samuel Sanchez-ek galdutakoak. Castroviejo, taldeko espezialista onena etxean utzi, eta batik bat prentsa eta kazetariengan pentsatuz, Arabar Errioxan egindako entrenamendu bat etapa honetan lan polit bat egiteko nahikoa zirela uste bazuten, atzokoak aurkakoa erakutsi zuen. Datu bat: aurtengo Giroan ere azkenengoak izan ziren laranjak erlojuaren kontrako taldekako saioan.

Podcasta

Hemen duzue etapa amaitu ondoren Egoitz Lizasok (@elizaso), Iosu Garatek (@iosugarate) eta Eneko Garatek (@egarate), grabatutako podcasta entzungai, nabigatzailean bertan edo bestela iTunes bidez nahiz MP3 formatuan deskargatu dezakezue geziari klik eginez.