“Nik ez dut faboritoen artean sartuko”

34 urterekin jo du goia Evansek, Tourra irabazita. Schleck anaiak ezker- eskuin igo da Parisko podiumera.

Evansek astebeteko itzuli mordoa irabaz dezake, indarra horretan jarriz gero –eta egun bateko probak; ez ahaztu 2009an Munduko Txapelketa irabazi zuela eta iaz, Fleche-Wallone, Ardenetako Hirukoteko bat-. Itzuli laburretarako dohainak baditu. Klase handia du, benetan. Erlojupekoetan ondo aritzen da eta mendian ere onenen pare ibiltzen da. Euskal Herriko Itzulian parte hartzen badu, erne berarekin. Eta Dauphine edo Suitzako Itzuliak ere berarentzat oso egokiak izan daitezke. Tourra? Nik ez dut faboritoen artean sartuko, eta pena litzateke harentzat oso egokiak diren proba batzuei uko egitea Tourrerako indarrak gordetzearren”.

Goiko paragrafoa Tropelazale batek idatzia da. Zehazki, lerrook idazten ari denak idatzitakoa. Neronek idatzitakoa, alegia, Cadel Evansen iparrorratza titulupean. Hemeroteka inbento bikaina da, benetan. Ez du ihesbiderako zirrikiturik uzten. Idatzitakoa idatzita gelditzen da. Kitto. Onerako edo txarrerako. Tirreno-Adriaticoren harira, aurtengo martxoan, idatzitako postean Evansi buruz aritu nintzen. Itzuli hura eskuratu ostean, haren dohainak goraipatu nituen –inork ez dezala pentsa begitan dudala australiarra; kontrakoa, begirune handia diot-, baina bai, Tourrean Andy Schleck eta Contadorren pare ez nuen ikusten. Ba orain txapela kendu besterik ez dut Evansen aurrean. Tourrean bi aldiz jarri dute jakean arerioek, ostegunean Galibierrera bidean eta Telegraphe igotzen, biharamunean. Eta bietan ataka zailetik onik ater azen, ausart jokatuta.

Tropelazale porrokatua den lagun batek –porrokatua eta aztia, lehen 100en artean sailkatu baita aurtengo Tourreko kinielan- gogorarazi dit Evansen izaera nabarmen aldatu zela 2009ko irailean, Mendrisioko Munduko Txapelketa irabazita. Arrazoia duela deritzot. Erasorik jotzeko gaitasunik ez duela entzuna zuen behin baino gehiagotan, baina Mendrision aurrera jo eta bakar bakarrik helmugaratu zen. Gaur arte, hura zen bere garaipen distiratsuena. Ordutik hona, nire irudipenez behintzat, erasorako joera handiagoa erakutsi du. Iaz Fleche-Wallone irabaz izuen eta era berean, joan den urteko Giroko sterratoko etapa datorkit burura; berak irabazi zuen Vinokouroven aurretik. Italiako Giroa ez zuen aparte izan, baina Bassorekin Zoncolanen gora tematu zen eta italiarrak azkenerako lehertu zuen. Eta pasa den urteko Tourrean, maillot horiarekin igaro zuen atseden eguna, baina min hartuta zegoen. Hurrengo egunean, Madeleinen gora, gorriak ikusi eta negar batean helmugaratu zen.

Urtebeteren buruan tristurak eta ezinak eragindako malkoetatik pozak sortutakoetara pasatu da 34 urteko ziklista kementsua. 34 urte, bai. Hori ere nabarmentzekoa da, azken urteetako irabazlerik beteranoena da –Rijsek 33 urte zituela nagusitu zen 1996an-. Nire ustez, ziklismoa aldatzen ari da. Duela urte batzuk 33 urteko txirrindulariak onena emanda zeuden eta morrontza lanei ekin behar zieten euren taldekideen mesedetan –Delgado, Fignon, Bugno edo Chiapucci, kasu- eta gaur egun, aldiz, onenekin nor baino nor borrokatzeko gai dira, nola itzuli handietan hala txikietan.

Bederatzi urte joan dira Evansen berri izan genuenetik. 2002ko Giroan maglia arrosa jantzi zuen ustekabean, baina Folgarian gora, tropeltxoaren aurrealdean zihoala –aurtengo Tourrean bezala, bai, buru-buruan- sekulako txakalaldia harrapatu zuen. Urte ilunagoak etorriko ziren gero, baina itzalean emandako sasoi haiek ikasteko baliatu zituen australiarrak. Baita ondo ikasi ere, azken urteetan parte hartutako itzuli handi gehienetan irabazteko lehian izan baita. Eta azkenean, berak eman du lezioa. Ekinaren ekinez iritsi da gailurrera.

Martxoan idatzitakora itzulita, bai, izan zen nirekin ados ez zegoen tropelazalerik. Piban adiskideak, esate baterako, esan zuen martxoa goizegi zela halako iragarpenik egiteko. Ba nik ez, Piban, baina zuk bete-betean asmatu zenuen. Zorionak, zuri, eta zorionak Evansi, noski.

Argazkia: Roberto Bettini / cyclingnews.com