Cadel Evansen iparrorratza

Evansek Tirreno-Adriatico itzulia irabazi du Italian. Han eta hemen zabaldu da australiarrak Tourra duela buruan, aurten ere. Tematia dela, eta Frantziako itzulia begiz jota duela. Ba, hala bada, australiarra oker dabil. Aurreko denboraldietan erakutsi zuen arrazoi batengatik eta besteagatik ez dela gai hiru asteko itzuli bat irabazteko. 2009ko Vueltan, adibidez, Valverderengandik hurbil samar izan zen, baina zulatu batek podiumeko koska gorenetik urrundu zuen. Iazko Giroan, oso txukun ibili zen, baina bi mendatetzarrek, Zoncolanek eta Mortirolok, jokoz kanpo utzi zuten. Eta Tourrean, maillot horia jantzi zuen, bai, baina eroriko batek min handia egin zion eta negar malkotan iritsi zen helmugara Alpeetako bigarren mendiko etapan. Zoriak ez du haren alde egin orain arte, eta agian pentsatuko du aurten bere txanda izan daitekeela. Adinak baina, pisua du -34 urte ditu-, eta txirrindulari bikaina izanda ere, Evans nekez egongo da Contador edo Andy Schlecken pare uztailean Tourrean. Nekez izango du bikote horren eta akaso besteren baten pedal kolpe arina.

Evansek astebeteko itzuli mordoa irabaz dezake, indarra horretan jarriz gero –eta egun bateko probak; ez ahaztu 2009an Munduko Txapelketa irabazi zuela eta iaz, Fleche-Wallone, Ardenetako Hirukoteko bat-. Itzuli laburretarako dohainak baditu. Klase handia du, benetan. Erlojupekoetan ondo aritzen da eta mendian ere onenen pare ibiltzen da. Euskal Herriko Itzulian parte hartzen badu, erne berarekin. Eta Dauphine edo Suitzako Itzuliak ere berarentzat oso egokiak izan daitezke. Tourra? Nik ez dut faboritoen artean sartuko, eta pena litzateke harentzat oso egokiak diren proba batzuei uko egitea Tourrerako indarrak gordetzearren. Beste hamaika ziklistek akats berbera egin dute.

Argazkia: cyclingnews.com / Bettini