Gilbert: veni, vidi, vinci

Gilbertek irabazi du Donostiako Klasikoa. Azken koskan, Mirakruz gainean, jo du azken erasoa eta bakarrik helmugaratu da.

20 urte bete berri dira Miguel Indurainek aurrenekoz Tourra irabazi zuenetik. Donostia-Donostia Klasikoak ere badu 20 urte atzera egitea. Sasoi hartan egun bakarreko lasterketetan iaioenetakoa zen ziklista, Bugno italiarra, gailendu zen Bulebar zaharra. Bakar-bakarrik iritsi zen Italiako txapeldun handia, eta gaur Gilbertek beste horrenbeste egin du.

Otsoa etorriko zela entzun dugu egunotan, Gilbert zela faborito. Zergatik? Ba denboraldi hasieran jaun eta jabe izan zelako Ardenetako Hirukotean eta Tourreko lehen etapa irabazi eta sasoi puntu egokia erakutsi duelako berriki Frantzia aldean. Eta hala izan da, otsoa etorri egin da. Faborito gisa iritsi zen Donostiara, hegaldi pribatuan kriterium batean aritu ostean- eta presioaren zamari iskin eginda nagusitu zen.

Eguneko ihesaldiko kideak harrapatu ostean –Fisherrek eta Kroonek iraun zuten gehien lasterketaren buruan-, Jaizkibelgo bigarren igoeran sua piztu zen tropelean eta Samuel Sanchez grinatsu agertu zen. Haatik, Euskaltel Euskadiko liderra kate motzean lotu zuten. Harekin batera, besteak beste, Gilbert, Roche, Haimar Zubeldia, Vanendert, Uran, Devolder eta Basso igaro ziren Jaizkibelgo gainetik.

Arkalera bidean eraso batzuk izan ziren, Devolderrena nagusia. Arkalen gora Basso agertu zen gogotsu, baina eguneko azken mendatearen gainetik, Vanendert, Haimar Zubeldia eta Devolder pasatu ziren probaren buruan. Tarterik ireki ezinda, hor ibai.

Errenteria-Orereta eta Pasai Antxo parean Barredo, 2009an Klasikoa irabazi zuen txirrindulari espainiarra- ibili zen lasterketaren buruan. Atzean, Vanendertek, Tourreko Plateau de Beilleko irabazleak, Omega Pharma Lottoko liderra, Gilbert, babestu zuen. Haiekin batera, Schleck, Samuel Sanchez, Haimar Zubeldia, Devenyns, Van Avermaet, Uran eta Rodriguez.

Mirakruz gainean, oso gutxitan erabakigarria izaten den aldapa motzean, aldatu du erritmoa Gilbertek, Vanendert taldekidea hustu denean, eta aurreko taldetxo guztiek ahalegina egin bai, baina ezin izan dute haren gurpilari eutsi.

Gilbert maillota atontzeko denbora izan du Victoria Eugenia antzokiaren parean zela, hots 300 bat metro falta zirela. Bigarren Barredo sailkatu zen 12 segundora eta haren atzetik heldu ziren Van Avermaet, Rodriguez, Devenyns, Schleck, Haimar Zubeldia, Sanchez eta Uran.

Montepaschi-Eroica, Fleche-Wallone, Ardenetako Hirukotea, Belgikako Txapelketa, Tourreko etapa bat. Eta orain Donostia… Hurrengoa? Akaso Espainiako Vueltan ikusiko dugu hurrena eta Munduko Txapelketa ere begiz jota duela esan izan du. Eta 29 urte baino ez ditu. Entziklopedietan arakatu beharko genuke ikusteko Merckx eta haren parekoak gai izan ote ziren halako denboraldi borobila egiteko.

Tropela elkartea Klasikoan izan da, eta irteeran, besteak beste, Gilbertekin egoteko aukera izan du. Horren lekuko, kontakizunari laguntzen dion argazkia.