Txirrindularitza eta edertasuna

DumoulinBizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak. Bob Jungels eta Tom Dumoulin dira gaur egun gehien liluratzen nauten ziklistak, biak ere 50. hamarraldiko film batetik atereak diruditen karreristak. Lehena, Jungels, da eleganteena, bai postura aldetik eta bai janzkera aldetik gehien zaintzen denetako bat. Aukera duen bakoitzean kaskoa erantzi eta bere vintage orrazkera erakusten du, Ray-ban markako betaurrekoak eramaten ditu, eta, oro har, sedukzio paperean guztiz sartuta egoten den karrerista da luxenburgotarra. Ez dezala inork pentsa, horregatik, bizikleta gainean despistatuta ibiltzen denik, iazko Giroan erakutsi zuen bezala, hortzak estutzeko garaian kirolari sakrifikatuenen pare ibiltzen baita, (kirol alorrean ere) nabarmentzeko antsiaz. Erlojuaren kontrako ziklista brillantea da, dudarik ez da, eta maldan gorakoan gabezia handi xamarrak dauzkan arren, nik uste askoren buruan dagoela Jungels itzuli handietarako gizona izan daitekeen ideia. Continue reading “Txirrindularitza eta edertasuna”

Kublerren bisita Euskal Herrira

Kubler

Tropelzaleei txirrindulari suitzarrei buruz galdetuz gero, Cancellara esango zenukete gehienok. Batzuek, ordea, ilea urdintzen hasi zaigunok, Zuelle eta Rominger ere aitatuko genituzke, akaso. Ziurrenik inork ez luke Kublerren izena mahai gainean jarriko. Urteko azken egunotako egunkarietan, jai kutsuko albisteen artean, hara non Kubler txirrindulari suitzarra hil berri dela jakin dugu. XX.mendearen erdialdean lehiatu zen Kubler, eta besteak beste Tourra 1950ean eta Munduko Txapelketa, 1951ean, irabazi zituen. Bazen nor.

Han eta hemengo kronikek gogora ekarri dute Kublerren goitizena: Le fou pédalant (txirrindulari eroa), xelebrekeria bat baino gehiago egin zuelako bizikleta gainean. Beharbada inongo kronikak ez dio erreparatu Kubler Euskal Herrian ere lehiatu zela. Izan ere, 1949ko Tourrak Euskal Herrian sartu-irtena egin zuen. Continue reading “Kublerren bisita Euskal Herrira”

Facebooken garaian, hartxintxar gainean

Vinokourov laneanAsteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.

Gainera, astearte izanda ere, jendetza zegoen ibilbidean. Imajinatzen zer izango zen hura igandearekin izan balitz? Ikaragarria, ziurrenik. Parajea harrigarria zen. Bide estua, hartxintxarra, sokak zaleek txirrindulariak jan ez zitzaten, eta teleferikoa! Une batzuetan txirrindulariek hari iskin egin beharko ziotela zirudien! Nire ustez, Giroko antolatzaileek agerian utzi dute, beste behin, maisuak direla ibilbidea antolatzeko orduan.

Egia da, era berean, asteartean euria egin izan balu ziurrenik ezin izango lukete goraino iritsi -2006an bezala- baina zale askok gozatu ederra hartu genuela telebista aurrean. Eta are gozatu ederragoa han zeudenak –ikurrina bat edo beste bistaratu ahal izan genuen-. Pena dut RadioShackeko txirrindularirik ez parte hartu izana. Hornerrek, Lepheimerrek, Klodenek edo Haimarrek distira gehiago emango zioten Giroari. Eta Samuelek, Beñat Intxaustik edo Igor Antonek, beste horrenbeste. Baina horrelakoetan esan ohi den bezala,daudenak daude eta haiekin gozatu ahal izango dugu zale guztiok ostiral, larunbatean eta igandean. Hala izan bedi! Eta noski, Tropela.net-en bidez kontatuko dugu!