Txirrindulariak sultanen artean

Apurka apurka gerturatzen ari dira denboraldiko lehen erronka nagusiak, hala nola, Paris-Niza edo Milano-San Remo, baina bitartean txirrindularitza zaleok beste probei bistadizoa bota ohi diegu, haietako batzuei, jakinminak jota. Horren adierazgarri Robert Gesinkek irabazi berri duen Omaneko Tourra.

Saudi Arabia, Arabiar Emirerriak eta Yemen oso gertu ditu Omanek. Bi milioi eta erdi biztanle ditu sultanerriak eta 309.500 kilometro karratu. Dunak alde batean eta mendiak bestean. Hiriburua Muscat hiria da eta petrolioa, gas naturala, kobrea, arrantza eta abeltzaintza dituzte diru iturri. Itzuliaren beraren webgunearen atarikoan eta zer esanik ez argazki galerietan, dunak ikus daitezke. Nahi adina hondarra dago Omanen bai, baina errepiderik ere badago, eta errepide horietako batzuetan zehar punta-puntako txirrindulariak aritu dira bost etapako itzulian. Gesink, Cavendish, Purito Rodriguez, Fabian Cancellara, Jakob Fulgsan, Alexandr Vinokourov

Theo Bos eta Mathew Goss jaun eta jabe izan ziren aurreneko etapa lauetan.
Laugarren etapa mendate baten gainean bukatu zen, Green Mountain izenekoan hain zuzen ere. Ez zen nolanahiko etapa, ez horixe! Sei kilometroko igoera eta batez besteko aldapa %10. Tourrean eta Giroan igotzen diren mendate batzuen pare. Puritorentzat etapa ezin egokiagoa zirudien aldez aurretik, baina kataluniarra ez omen dago sasoian, eta denbora asko galdu zuen. Gesinkek, ordea, denboraldiari ezin hobeto ekin diola erakutsi zuen. Nagusitasun handiz irabazi zuen mendiko etapa eta baita hurrengoa ere, erlojupekoa. Omaneko agintariak ondoan zituela igo zen Gesink podiumera. Irudi bitxiak utzi dizkigu itzuliak, inondik ere. Azken eguneko esprintean Cavendishek hartu zituen tropelkide guztiak mendean.

Batek daki itzuli horrek zer norabide hartuko duen etorkizunean. Gora egingo duen edo agintariak azkar nazkatu eta ezer ezean geratuko den. Ukaezina dena da ez ohikoa dela Asiako herrialde hartan puntako txirrindulariak lehiatzen ikustea. Tour Down Under, edo Qatar eta Omaneko Tourra ez dira oso aspaldiko lasterketak, baina 50eko hamarkadan Afrikan Alto Voltan -oraingo Burkina Fason- proba bat jokatzen zuten; bertan izan ziren, besteak beste, Fausto Coppi eta Jaques Anquetil.