Tropela.net-ek euskara sustatzeko webgunerik onenaren Buber saria jaso du

Tropela.net-ek 2009ko Buber Sarietan irabazitako garaikurraGaur Euskararen Nazioarteko eguna izanik, sari honek esanahi bereziagoa du Tropela Elkarteko kideontzat. Gure webgunea, Tropela.net, euskara sustatzeko webgunerik onenaren atalean finalisten artean zen. Gaur arratsaldeko Buber sari banaketa ekitaldian 3 finalisten artean garailea zein izango zen egin behar zuten publiko eta Tropela.net izan da epaimahaik aukeratu duena.

Tropela Elkartea sortu genuenetik euskara teknologia berrietan bultzatzea genuen helburu. Horretarako aisialdia eta txirrindularitza uztartzen genuen webgunea sortu genuen 2005ean. Urtetik urtera hobetzen eta egokitzen joan gara webgunea dugun jarraipena dela eta. Era berean, gero eta gehiago zarete webgunean parte hartzen duzuenak urteak aurrera joan ahala eta horrek interneten euskararen erabilpena indartzen du. Horren guztiaren isla izan da gaur jaso berri dugun sari hau. Beraz, laguntzaile, jarraitzaile eta parte hartzaile zareten guztioi gure eskerrik beroena, sari hau guztiona baita. Zorionak guztioi!!

Garaikurra

Plazer bat izan da garaikur hau Jose Maria Muñoa (Eusko Ikaskuntzako presidentea) jaunaren eskutik jaso izana, berak gogora ekarri digun bezala, bereziki Euskararen Nazioarteko egun honetan. Gustura jaso dugu saria, baina garaikurra begiratzen aritu garenean zerbait lekuz kanpo balego bezala jabetu gara. Zuk antzeman al duzu?

Tropela euskararen alde

Euskararen Nazioarteko EgunaGaur Euskararen Nazioarteko eguna da. Tropela Elkarteak bere aldetik, gaurko egunari bere garrantzia emateaz gain, urte osoko jardueraren bidez aritzen da euskararen alde webgune honen bidez. Zer ospatua izan dezakegu, baina zer egina ere bai.

Gaurko eguna dela eta, dakizuen bezala Tropela.net webgunea Buber sarietan finalisten artean da eta gaur jakingo da dagokigun arloan gure webgunea saritua izango den ala ez. Sari banaketa ekitaldia arratsaldeko 19:00tatik aurrera izango da Kursaalen eta bertan jakin araziko dituzte sarituak.

“Dopinaren aurka egitea gure lema da”

Igor Gonzalez de GaldeanoIgor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel-Euskadiko manager gisa egindako baieztapena jarri dizuet izenburuan. Egunotan talde laranja Derion da kontzentratuta eta aurkezpenean urtarrilaren 1etik aurrera dopinaren aurka abian jarriko duten barne kontrol berritua aipatu zuten.

Aurtengo udaran Iñigo Landaluzek eta Mikel Astarlozak positibo eman zuten. Horren haritik, taldearen jarraipena bermatu asmoz, eta bide batez txirrindulariak lagundu, kontrol zorrotzago batzuk ezarriko dituztela esan dute arduradunek. Xehetasunik eman ez bazuten ere, kanpoko laborategi bat taldeko txirrindulariei azterketak egiteaz arduratuko omen da sorpresarik izan ez dadin. Ez dakit orain arte zein motatako barne azterketak egingo zituzten, baina honek, itxura batean bederen, aldaketa esanguratsu bat suposatuko duela dirudi.

Euskalteleko presidente den Jose Antonio Ardanzak bere aldetik babes osoa eskaini dio txirrindulari taldeari taldearen erabakietan gardentasuna eta leialtasun absolutuak izan baitira bere esanetan. Dakizuen bezala Eusko Jaurlaritza ez da iritzi berekoa eta segur aski hori izan da neurri hau hartzearen arrazoi nagusia.

Aurtengo urtean Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek 700 azterketa jasan bazituzten, 2010ean zenbat izango ote dira?