“Dopinaren aurka egitea gure lema da”

Igor Gonzalez de GaldeanoIgor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel-Euskadiko manager gisa egindako baieztapena jarri dizuet izenburuan. Egunotan talde laranja Derion da kontzentratuta eta aurkezpenean urtarrilaren 1etik aurrera dopinaren aurka abian jarriko duten barne kontrol berritua aipatu zuten.

Aurtengo udaran Iñigo Landaluzek eta Mikel Astarlozak positibo eman zuten. Horren haritik, taldearen jarraipena bermatu asmoz, eta bide batez txirrindulariak lagundu, kontrol zorrotzago batzuk ezarriko dituztela esan dute arduradunek. Xehetasunik eman ez bazuten ere, kanpoko laborategi bat taldeko txirrindulariei azterketak egiteaz arduratuko omen da sorpresarik izan ez dadin. Ez dakit orain arte zein motatako barne azterketak egingo zituzten, baina honek, itxura batean bederen, aldaketa esanguratsu bat suposatuko duela dirudi.

Euskalteleko presidente den Jose Antonio Ardanzak bere aldetik babes osoa eskaini dio txirrindulari taldeari taldearen erabakietan gardentasuna eta leialtasun absolutuak izan baitira bere esanetan. Dakizuen bezala Eusko Jaurlaritza ez da iritzi berekoa eta segur aski hori izan da neurri hau hartzearen arrazoi nagusia.

Aurtengo urtean Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek 700 azterketa jasan bazituzten, 2010ean zenbat izango ote dira?