Petacchi 2 – Cavendish 2

Cavendish. 11. etapan garaipenaGarbi genuen bi esprinter hauen arteko lehia izango genuela aurtengo Italiako Giroan eta hala gertatzen ari da. Hasera batean italiarrak sorpresa eman zigun eta bi etapa garaipen eskuratu. Bazirudien Cavendishek ezin ziola jarraitu, baina azken etapa hauetan esperotako maila ematen hasi da.

Gaurko ibilbideak ez zuen zailtasun berezirik Monte Turchino izan ezik. Ez zegoen garbi ihesaldiren bat gailenduko zen ala esprinta izango zen. Aurrez saiakera portu honetan izango zirela pentsa bazitekeen ere, ihesaldi saiakera nagusiak porturako igoera hasi aurretik izan dira. Lehenik Isaichev errusiarra saiatu da. Xacobe Galiziako txirrindulariak 70 kilometro inguru egin ditu bakarrik, baina Monte Turchinoko malda hasieratan harrapatu dute. Ondoren Marzano italiarra saiatu da, baina Lampreko txirrindulariaren ahalegina ere ezerezean geratu da. Azkenean tropelak bat eginda gainditu du portua.

Tontorretik helmugara 20 kilometroko tartea geratzen zen eta ezohikoa suertatzen bazaigu ere, Armstrong tropelaren buruan jarri da jaitsierari abiadura emanez. Talde lana zirudien, izan ere Popovychek bere ihesaldi saiakera egin baitu baina emaitzarik gabe.

Azken kilometroetan esprinterren taldekideek gogor egin dute lan eta anabasa momentu bat ere izan dela esan daiteke. Leku bilatze horretan, ordea, Cavendishek duen abilezia agerian geratu da berriro ere eta garaipena poltsikoratu du. Berarentzat bigarren garaipena eta Columbia-High Roadentzat bostgarrena oker ez banaiz. Bigarren Farrar (oso ondo ari den esprinter estatu batuarra) eta hirugarren Pettachi izan dira. Sailkapen nagusian aldaketarik ez da izan.

Dirudienez faboritoek biharko indarrak gordetzen saiatu dira. Beharko dituzte, 60 kilometroko erlojupekoan bi igoera egin beharko baitituzte eta guztien artean sailkapen nagusiko lehiak urduritasuna zabalduko baitu.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.