Mayoren laginak

Euskal txirrindulari asko ginen abuztuaren 20a noiz iritsiko ote zen zain, hori izango baitzen Mayoren kontraanalisiaren berri emango zigun data. Prentsan begiratu genuen, internet sarean webguneetan surfean aritu ginen, irrati-telebistei harreta berezia jarri genien, baina abuztuko aste harek kontraanalisiaren berririk ez zigun eman. Mayo Giroan

Denborak aurrera egin zuen eta Mayok Kalakan eginiko agerraldi publikorarte ia ahaztu zitzaidan Igorrekoa kontraanalisiaren zain zela. Gainera kasualitatez parean tokatu zitzaidan eta hamar minutu besterik ez nituen ikusi. Nire artean nion: “oraindik ez dute emaitzik eman? Positibo eman zuenean azkar asko bidali zuten ba etxera bizkaitarra!!”. Adi-adi entzun nituen bere adierazpenak, eta egia esan sentsazio txarra jaso nuen. Beharbada kazeta mundua ez da Iban gustura mugitzen den lekua (gogoratu Frantziako Tourreko motoko kamaralaria) eta nire iritziz ez zen gai izan bere burua behar bezala defendatzeko. Nik behintzat ez nion sinistu.

Hiruzpalau aste izango dira ETBko agerraldi hartatik eta astelehen honetan izan dugu azken hiru hilabete hauetako kulebroiaren jarraipena, eta ez amaiera astelehenean pentsatzen genuen bezala. Lanetik bueltan irratia piztu nuen ohi bezala, eta Xabier Usabiaga berriaren inguruko hausnarketak egiten ari zen. Bai, kontrakoa pentsatzen banuen ere, Mayoren kontraanalisiak negatibo eman zuela zioten eta hiru hilabete hauetan Mayoren laginak munduan zehar nola ibili diren kontatzen ziguten. Mayo txirrindularitzatik baztertu zuen analisia Frantziako Chatenay-Malabry laborategian egin zen. Abuztuan laborategi hau itxi egiten zutenez, Mayok kontraanalisia Ganteko laborategi batean egitea eskatu omen zuen, Suitzan. Honek zuen laginari egindako azterketetatik ezin omen zuen baieztatu ez eta ezeztatu ere Mayok EPOrik hartu zuenik. Horren aurrean, hirugarren lagina Australiara bidali zuten, Sydneyra zehazki, eta bertako laborategi batek azkenean Mayok EPOrik ez zuela kontsumitu baieztatu du.

“Egindako kaltea ikaragarria da” zioen Usabiagak Euskadi Irratiko sintonian. “Ni bera banintz epaitegietara joko nuke” gaineratzen zuen. Dudarik ez egin dioten kaltea neurriz kanpokoa izan dela hiru hilabete inguru egon baita korritu ezinik Frantziako laborategi batek, UCIk Tourreko txirrindulariei ateratako laginak aztertzeko erabiltzen duen ohiko laborategiak, EPO hartu zuela baieztatu zuelako. Mayok komunikabideetan bazekiela negatibo izango zela eta helburua hurrengo urtean Saunier Duvalekin geratzen zaion urtebeteko kontratua betetzea duela xede. Ostikada handia UCIrentzat. Mayoren zaleentzat berri pozgarri bezain amorrugarria.

Baina aurreratu dudan bezala, “kulebroiak” aurrera jarraitzen du. 24 ordu eskasera, Pat McQuaid UCIko adiskidearen asmoen berri izan dugu. Dirudienez Mayok atseden egun hartan gorputzeko likido guztiak ontzi txikietan eman zituen eta oraindik beste laginen bat edo beste geratzen denez, berriro ere Frantziako Chatenay-Malabry laborategian (positiboa argitaratu zuen laborategian) azterketa egin behar dela B laginarekin. Ez omen dira gainontzeko analisiekin fido. Beraz, berriro ere Mayok eta gainontzekook zain geratu beharrean aurkitzen gara.

Gertaera guzti hauen aurrean, niri eta inguruko askori galdera asko sortzen zaizkigu. Esaterako, UCIk Tourrean txirrindulariei analisiak burutzen dizkie lasterketatan eta egun gutxiren buruan emaitza fidagarriak dituzte. Hau da, txirrindulari bati bere ibilbide profesionala ondatzerainoko fidakortasuna eskaintzen dituzten analisiak lortzen dituzte. Eta UCIrentzat analisi fidagarriak egiten dituen laborategi bakarra Frantziako Chatenay-Malabry, nahiz eta beste bi laborategik, Mayoren kasuan, emaitza ezberdinak plazaratu.

Beraz, UCIrentzat Chatenay-Malabryk kaleratzen dituen emaitzak egiazkotzat hartu behar badira, ezingo du onartu laborategi honen fidagarritasuna zalantzan jartzen duen kasurik, Mayorena bezalakorik. Dudarik ez astelehenean kontraanalisiaren berri jaso genuenean eskandaluaz ari ginela hitz egiten eta hori McQuaid adiskideak ezin du onartu. Normala. Hori dela eta ez du amore eman nahi eta berriro ere beraien laborategi kuttunenean B laginari azterketak egingo dizkiote.

Zein emaitza kaleratuko ote ditu laborategi frantziarrak B lagin honen aurrean? Demagun negatiboa dela emaitza. Alde batetik laborategiaren izen ona zalantzan jarriko litzateke. Laborategiak bere hakatsa onartu beharko luke eta laborategiko arduradun nagusiak Mayori barkamena eskatzeaz gain, kalte ordaina eman beharko lioke. Era berean, UCIk dopingaren aurka eratutako sarearen ahultzea ekarriko luke, berak fede osoa duen laborategiak huts egin baitio. Txirrindulariei jarritako zigorrak analisi hauengan dute oinarria, beraz, frogen ahultasuna ikusita, UCIk izango ahal luke legitimitaterik zigo horiek jartzeko?

Demagun positibo dela. Chatenay-Malabryk arrazoi zuen eta ez zuen hakatsik egin lehen analisi hartan. Gainontzeko laborategiek batek jakin nola egiten dituzten analisiak, baina gaizki ez laborategi hontara ikastaroren bat jasotzera joango balira. UCIri dagokionez, orain arteko inpunitateaz jarraituko luke zigorrak jartzen. Mayok txirrindularitza uztea aztertuko luke.

Hemen Pat McQuaid UCIko lehendakariari 2007ko Tourraren ostean egindako elkarrizketa baten linka jartzen dizuet. Honez gero ikusiko zenuten bideoa, beraz, ez da zaila ondorioztatzen entorkizuna asmatzen eta Iban Mayo trama guzti honetan “turko-buru” hartu dutela ondorioztatzea.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.